ANIZ EKAINAREN 4ko MANIFESTAZIOAREKIN BAT

Kontseiluak deitua, euskararen aldeko "neurri ausartak" eskatu eta babesa erakusteko manifestazioa izanen da Iruñean ekainaren 4an. Manifestazioarekin bat egiteko kanpaina abiatu du kontseiluak, eta hemen Baztango lehendabizikoa: Aniztarrak
Nafarroan, aldaketaren gobernuak hizkuntza politika sendoagoa egin dezan eskatuko dio manifestazioak, eta era berean, oposizioaren oldarraldien aitzinean babesa eskaini.
Kontseiluaren iritziz, euskararen gaian saltoa egiteko tenorea da, aldaketaren gobernuaren aldetik. Neurri ausartak hartu behar dira, bai plangintzan baita baliabideei dagokienez ere. Kezkatuta dago adibidez, gobernua osatzen duten lau alderdi politikoen artean (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra) Euskararen Legeaz adostasunik ez dagoelako. Euskararen Legea bera aldatzera iritsi gabe ere, UPNk hartutako bertze hainbat neurri bertan behera uzten ahal direla uste du Kontseiluak.