BAZTANGO UDALAK GAUR GOIZEAN EGINDAKO EZ OHIKO OSOKO BILKURAN 2016 URTERAKO AURREKONTUAK ONARTU DITU.
Orain bi aste oposizioak blokean –UPN, Geroa Bai eta Auzolanean
– Baztango udaleko gobernu taldearen
aurrekontu proiektua legez kanpoko emendakinarekin trabatu ondotik, gaur
goizean EH Bilduk eta Baztango Ezkerrak landutako aurrekontu proiektuak argi
berdea izan du. Hala, gobernuko taldeetaz gain Geroa Bai eta Auzolaneanen
babesa ere izan du, denera aldeko 9 bozka eta UPNren kontrako 4.
Aurtengo aurrekontua
7,8 milioi eurokoa izanen da. Azkeneko urteetako gastu arruntaren egitura
mantendu da eta inbertsioen atalean aipagarrienak Amaiurko ur-deposituko lanak
(208.050 euro), 2014ko uberroek
kaltetutako hiru bideren konpoketa (33.240) Gartzain eta Arizkungo eskoletako
lanak (30.000 euro bakoitzean), hiltegiko lanak (17.000 eta 13.000 euroko bi
kontusail), mendilanak (155.000) e.a. Geroa Bairekin aurrekontuak onartzeko
negoziazioen ondorioz Elizondoko plazako eraikinerako 30.000 euro ere bideratu dira.
Aurtengo aurrekontuei buruz, Egonkortasun legea dela eta,
udalak 86.000 euro kontingentzietarako bideratu beharko ditu, hau da, nahiz
diru-sarrera gehiago izan, diru hori ez du gastatzen ahalko eta, horregatik,
aipatu kontingentzien atal berrirako bideratu beharko du.
Bertzalde, oinordetzan hartutako zor handia ttipitzeko aitzineko
legealdian lan handia egin ondotik, udaleko kontuak gero eta bideragarriagoak
dira, aurten zorra %80koa baita; 2010ean legeak gehienez finkatutako %110
gainditu zen, %135rat ailegatuz. Hala, iaz bezala aurten ere zorra kitatzeko
600.000 euro inguru erabiliko da.
Gainerakoan udal aurrekontuen barnean, udalaren erakunde
autonomoetako kontuak onartzen dira, Ikastolarena eta zahar etxearena.
Lehenaren aurrekontua 669.000 eurokoa da (udalaren kontu 45.000 euro) eta
bigarrenarena 119.125 euro.
2016ko aurrekontuei hasierako onespena eman ondotik, ondoko
asteetan 2015eko kontuak hetsiko dira eta soberakin horretatik Lekarozko eskola
berriaren lanak eta zahar etxeko sukaldeko lanak eginen dira.