GEROA BAI, AROZTEGIAKO EBASKOARI EZ!

Mikel Altzuar Zaldain abeltzain eta EHNEko kideak Berria egunkarian iritzi artikulu interesgarria argitaratu zuen atzo Aroztegiari buruz: 

Politikan ez da gauza politikan!» zion bertsolari ttipitto handiak, Lazkao Txikik. Harridura, ezinegon eta tristura handiz hartu genuen joan den urtean Nafarroako Gobernu berriak, aintzinekoak «herritar guzien gainetik eta interes batzuen azpitik» egindako jukutria bidegabeari eustea: Baztango erakundeen, herritarren eta bertan harturiko erabakien gainetik, beren aitaponteko Francok erakutsi zien garai horietan hain erabilitako formula erabiltzea: estatu arrazoia, Nafarroaren interesa, udalez gaindikoa... Gora demokrazia!, zentzumen eta adimen poxino bat duenak honi bertze gisa deitzen dio: agintekeria, nagusikeria, harrokeria...UPNk hortara ohituegiak gintuen, baina aldaketaren Gobernu berriak?...

«Lurra ez dago salgai!, Euskal Herria ez dago salgai!» diote iparraldeko laborariek, kosta aldetik barnealdera heldu zaien presio urbanistikoaren aintzinean! Doike! Lurra estrategikoa delako! Laborantza lurra babestu behar delako! Edozein herriri elikatzeko eta bizirauteko bermea ematen diolako! Eta Baztanen? Baztanen erosi ez!, ez da beharrik! Hartu egiten da! Aski da nahi duzun eremua hartu eta eremu horretarako kadukatua eta iraganekoa beharko lukeen proiektu urbanistiko zentzugabea aurkeztea! Gero betiko binomioak esku hartuko dute; bankuek dirua jarri eta dagokion ate birakariko gobernuak lege estaldura eman! Nahi dituzten herri lurrak bereganatu, eta, nekazari batzuen belaiak badira tartean, desjabetu, eta kitto! Marketin kanpaina batekin apaindu, eta aitzinerat, betiko leloak entzunen ditugu: garapena, enplegua, eliteko turismoa...

Eskerrak Baztanen zentzua, adimena eta zintzotasuna duen jendea badagoen, antolatzen eta mugitzen badakiena, holako proiektuek ez direlako gure etorkizuna ez inorena izaten ahal! Gaur eguneko mundua bertze modu batez eraikitzera behartuak gaude! Hauxe erakutsi genuen joan den egunean ehunka herritarrek Elizondoko manifestazioan eta zorionez Baztango Batzar Orokorrak bertze batzuk kendu nahi duten hitza erabiltzeko txantza jarri zaigu ekainaren 5ean! Erabil dezagun! Bertze etorkizun bat merezi dugulako: Geroari bai, Aroztegiako ebaskoari ez!