AROZTEGIA ETA GERO ZER PLATAFORMAREN BALORAZIOA

Gaur Baztanen Aroztegiari buruz egin den herri galdeketaren inguruan balorazio positiboa egiten dugu. Baztanek argi eta garbi erran dio ezetz Aroztegiako proiektu urbanistiko espekulatzaileari, ezetz erran dio inposizioari eta ezetz erran dio herri lurren ebaskoari. Ezetz erran dio landa eremua metropoli edo hiri handien zerbitzura jartzeari. Ezetz erran dio baztandarren artean pribilegioak sortzeari. Gaurko ariketak nabarmen uzten du baztandarrok bizi dugun gatazka soziala. 1.707 lagunek parte hartu dute, erroldaren %28ak eta horietatik %82,8 proiektuari ezezkoa eman dio. Honen aitzinean, Geroa Baiko gobernuak ezin du baztandarron aldarrikapenari bizkarra ematen segitu. 

Kultura demokratikoaren inguruan Baztan mailan egin den lehenbiziko herri galdeketa izanik, gabeziak ere sumatu ditugu prozesu honetan. Espero dugu etorkizunean herritar gehiagok sentitzea horrelako prozesuetan parte hartzearen beharra eta garrantzia. Aldi berean, salatu nahi dugu herri galdeketaren parte hartzearen kontra egindako kanpaina. Beldurra, mehatxuak eta galdeketaren zilegitasuna kolokan jarri nahi izan duten arren, zorionak parte hartu duzuen baztandar guztiei.

Honekin guztiarekin garbi gelditu da plataformak hasieratik erran duena. Hau da, Aroztegiako UGPSaren tramitazioa iruzurra izan dela. Izan ere, agerian gelditu da berriz ere, inposizioa eta iruzurraren bidetik eraman dela proiektu hau hasieratik bukaera arte. Beraz Geroa Baiko gobernuak ez ditu aitzakia gehiago erabiltzen ahal, eta bertan behera utzi behar du Aroztegia UGPSa.

Herriaren da hitza eta herriarena izan da erabakia!