BAZTANGO EH BILDUK AROZTEGIARI BURUZKO BALORAZIOA EGIN DU

Prentsa ohar batean halaxe adierazi du: 

Nafarroako Gobernuak eta Aroztegiako sustatzaileek herritarrei hitza ez emateko egindako eginahal guztien aitzinean, igandeko galdeketa Baztango erakundeen eta herritarren lorpen handia da. Hortaz, Batzar Nagusiak galdeketa egin ahal izateak eta hala nahi izan zuten herritar guztiek parte hartzeak sekulako balio politikoa du.

Gobernuko adierazpen harroei, Geroa Baiko eta UPNeko talde parlamentarioetako erran zabar eta probokatzaileei buruz, komeni da mespretxuz mozorrotutako beren autoritarismoa salatzea eta herri galdeketa hau bere testuinguruan baloratzea. Normalena, guttieneko kultura demokratikoa dagoen tokietan, herritarrei beraiengan eragin handia izanen duten proiektuez aitzinetik galdegitea da. Kasu honetan, enpresa sustatzaileak eta Nafarroako Gobernuak PSIS onartu aitzinetik ez zuten halakorik egin. Aldaketakoa omen den Geroa Bairen Gobernuak ukatu die Lekaroz eta Baztango herritarrei parte hartzeko aukera, UPNk bezal bezalaxe.

Horren aitzinean Baztandarrek eta Batzar Nagusiak herritarren erabaki ahalmena aldarrikatzeko herri-galdeketa ez erreferendarioa eta ez loteslea egin behar izan dute bailaran lehendabiziko aldiz. Baldintza horietan eta gobernuko ordezkari desberdinek PSIS onartua dagoela, gibelarat bueltarik ez dagoela eta balizko galdeketa legez kanpokoa litzakeela behin eta berriz erranagatik, igandean baztandarren hirutik batek bere iritzia libre eta burujabeki adierazi zuen. Eta gehiengo handiak, proiektuaren kontrako bozka eman zuen. Hori ikusi nahi ez duen ordezkari politikoak bere bulegoko paretetatik haratago ikusten ez duen burokrata elitista da.


Horiek erranik, galdeketa hau parte hartze kultura errotua duten Europako kasuekin konparatu behar da eta ez Geroa Bai eta UPNren adierazpenek agerian uzten duten ikuspegi kazikil murritzarekin. Suitzan, adibidez, non galdeketa mota desberdinak aldiro egiten diren (20-30 urtean), parte hartzea gaiaren arabera %30-50 artekoa izaten da. Italian, bertzalde, azkeneko erreferendumean %31ak parte hartu zuen. Eta Baztanen, izandako azken erreferendumean (Europar Konstituzioaren ingurukoa, 2005ean), biztanleen %32k parte hartu zuen, eta inork ez zuen ezbaian jarri. Baztanen igandean lortutako parte-hartze maila europar maila honetan kokatzen da - %28 bailara osoan, %43 Lekarozen eta berdintsu antzeko proiektu urbanistikoak jasan dituzten herrietan (%42,9 Amaiurren eta %40,7 Erratzun): hori mespretxatzen dutenek datu konparatibo hauek izkutatzen dituzte, ezjakintasunez edota nahita ahaztuz.

Laburbilduz, kontuan izanda gurean herri galdeketak egiteko ohiturarik ez dagoela eta Nafarroako Gobernuak zein enpresa sustatzaileak galdeketa trabatzen saiatu direla, aski kontuan hartzeko parte hartzea izan zen igandekoa, eta kontuan hartzekoa ere kontra bozkatu zutenen kopuru handia. Agerian gelditu da PSISa tramitatzeko egindako parte-hartze prozesua iruzurra izan zela eta egiazko afektatuei ez zitzaiela galdetu.

Ondorioz, Baztango EH Bilduren iritziz, agerikoa da aukera ematen bazaie, baztandarrek beraiei eragiten dieten gaien inguruan erabaki nahi dutela, parte hartzerako kontrako testuinguruan bada ere. Horregatik, argi izan behar da Baztanen egindako lehen herri galdeketa hau ez dela deusen akabera, Geroa Baik eta Nafarroako Gobernuak nahiko luketen bezala, baizik eta epe berri baten hasmenta. Herriak ukazioaren aitzinean bere ahotsa adierazteko baliabideak bilatu eta burujabeki martxan jartzearen epea, hain zuzen. Debekuak debeku, inposizioak inposizio, koakzioak koakzio, Baztango herritarrek Nafarroako Gobernuak entzun ditzan lanean segituko dute.


Azkenik, Baztango EH Bildutik Nafarroako Gobernuari bertze gai batzuetan horrenbertze aipatzen duen parte hartzea Baztanen ere aintzat hartu eta errespeta dezala exijitzen diogu. Erakuts dezala benetako aldaketaren gobernua dela eta ez UPNren jarraitzaile deskafeinatua. Gure partez, beti prest egonen gara herritarrei entzuteko eta Aroztegiako auziari aterabide demokratiko bat bilatzeko.