Atzoko atsalde bereziki bero eta sapan Elizondoko
Arizkuneneako sabaian Baztango
eskoletako jantokiei buruz aritu ziren. Hitzorduak “Eskoletako jangeletan zer
jan, halako Baztan” izenburua zuen eta antolatzailea Baztango udala zen. Joseba
Otondo alkateak ongietorria eman eta elikadurak politika publikoetan eta tokiko
ekonomian eduki beharrezko garrantzia azpimarratu zuen. Ondotik, Laura Andresena
gizarte zerbitzuetako teknikariak Baztango eskoletako jantokiei buruz egindako
azterketa aurkeztu zuen. Jantokia duten eskolak Amaiur, Arizkun, Erratzu, Elizondoko
eskola, Baztan ikastola, Haur eskola eta Irurita dira. Eskolaz eskola datu
xeheak eman zituen eta bilketaren emaitza gisa Baztanen eskoletako jantokietan
egunero 392 oturdu ematen direla erran zuen, banaz bertze 4,47 euroan eta
denera ikasturtean 220.000 euro inguru mugitzen direla. Halaber, kontratu mota
desberdinekin, lan-aldi erdikoak eta ordukakoak denera 23 sukaldari eta zaintzaile
daude. Eskoletako batzuk zerbitzua catering bidez ematen dute.
Nora Salbotx Amaiurko eskolako zuzendariak beren
esperientziaren berri eman zuen. Hogei eta hamabortz urte dira eskolan sukaldea
eta jantokia dutena. Bertan sukaldatzen dute eta erosketak Baztanen egiten
dituzte, horretarako hornitzaileen eta bertako ekoizleen zerrenda erabiltzen dute.
Jantokia hezkuntza proiektuaren barnean txertaturik dute, horregatik, jantokiaz
baino jangelaz mintzo dira. Akitzeko Miren Meoki udaleko hondakin teknikariak
Bizkaiko Larrabetzuko esperientziaren berri eman zuen. Larrabetzun jangela
guraso elkartearen esku dago eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako catering
sisteman sartu nahi izan ez zutenez, ez dute laguntzik izaten. Eskolako jangela osasun, hezkuntza eta tokiko
ekonomia ikuspegitik lantzen dute eta horren emaitza bezala, jangela gastuaren
%65 herrian gelditzen da.
Aurkezpenen ondotik harat hurbildutakoen artean Baztango
eskoletako jantokiak jangela bihurtu eta tokiko ekonomia indartzeko eztabaida
interesgarria egin zen. Iraila etortzekin ekimenari segida emanen diote.
Helburua, bertzeren artean, eskoletako jangelek mugitzen duten ekonomiaren zati
gehiena Baztanen gelditzea litzateke.