AROZTEGIA ETA GERO ZER? PLATAFORMAREN PRENTSA OHARRA UXUE BARKOSEN BISITALDIAREN HARIRA

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak Saharaztan elkarteak Baztanen antolatutako bakelekuetara egindako bisita dela eta Aroztegia…eta gero zer? plataformak hurrengo adierazpenak egin nahi ditu:

-Saharako herriari jasaten duen zapalketa eta eskubide urraketen aitzinean gure elkartasuna eta babesa erakutsi nahi diogu.

-Mundu mailan ematen diren zapalkuntza guztiekin bukatu behar dugu, eta guztion ardura da hori egitea. Tokian tokiko zapalkuntzak borrokatuz hasita, mundu mailan ematen diren zapalketekin elkartasuna adieraziz.

-Guztiz hipokrita eta lotsagabea da aldi berean Lekaroz eta Baztanen erabakitzeko eskubidea ukatzen duen eta herritarren nahiaren kontra jokatzen duen Gobernuaren lehendakaria, gaurko ekitaldi honetan egotea. Ez da onargarria itsasoaren bertze aldean gertatzen diren eskubideen urraketak salatzen duten agintariek hemen bertan, Baztanen, herritarren hitzaren kontra inposaketa erabiltzea.

-Lekarozek zein Baztanek argi eta garbi erran diote ezetz Aroztegiako proiektuari, ezetz espekulazioari eta ezetz ustelkeriari. Baietz erran dioten bezala tokiko garapen iraunkorrari, euskarari eta ingurugiroa zaintzeari.

-Sahararrak bezala borrokan segituko dugu gure etorkizunaren jabe izan arte!

HERRIARENA DA HITZA, HERRIARENA ERABAKIA! AROZTEGIA GELDITU!