Baztango EH Bilduk, gaurko Osoko Bilkuran gertatutakoaren harira, prentsa ohar hau kaleratu du:
Gaurko Osoko Bilkuran Geroa Baik, UPN eta Baztango Auzolaneanen babesarekin, azken momentuan sartutako premiazko mozioaren bidez, Baztango Udala, Batzar Nagusiak Aroztegiko PSISaren kontra abiatutako prozesuan erakunde horren kontra judizialki jokatzera behartu du. Alkatetza duen EH Bilduk eta Baztango Ezkerrak aukera horren kontra bozkatu dute.
Bere garaian Baztango Batzar Nagusiak Nafarroako Gobernuak Aroztegiari buruz onartutako PSISari helegitea aurkeztu zion, bertzeren artean, udalaren hirigintza eskumenak eta autonomia defendatzeko, Aroztegiko herri-lurren desjabetza gelditzeko eta Lekarozko Herriak proiektuaren kontra duen iritzia betearazteko.
Gaurko erabakiarekin Geroa Baik udalaren autonomia urraketa eta eskumen gabetzea babesten du, lekaroztarren eta baztandarren erranari kasurik ez die egiten eta herri lurren lapurketari bidea ematen dio.
Bereziki larria da udal hautetsiak izanik interes partikular batzuei fabore egiteko udal autonomiaren eta konpetentzien kontra egitea. Baztanen etorkizuna guztiz baldintzatzen duen proiektu honen aitzinean, udaleko hautetsiek ez badituzte Baztango erakundeen konpetentziak defendatzen zertarako daude udalean?
Aldi berean, oroitarazi nahi dugu aldaketaren indarren artean Geroa Bai dela proiektua defendatzen duen bakarra. Hala, aldaketaren gobernuaren lehen urtearen balantzea egiten ari den honetan, Aroztegia demokratikoki eta herritarrei entzunez konpontzea funtsezkoa da. Modu horretan bakarrik lortuko da inposaketan eta pelotazo urbanistikoan oinarritu den politika zaharraren aitzinean sinisgarritasuna izatea. Gobernuak ongi aski daki afera konpontzeko legalak diren bertze bideak badirela, gorderik dituen txostenak dioten bezala.
Baztango EH Bilduk bertze behin Aroztegiko PSISa gelditzeko eta herritarren iritzia errespetatzeko eskatzen du.