BAZTANGO UDALAK ETXEBIZITZEN ALOKAIRUA BULKATZEKO NAFARROAKO GOBERNUAREKIN HITZARMENA SINATU DU

NASUVINSAk kudeatzen duen “Alokairu-Boltsa” baztandarrek udalaren bidez erabiltzen ahalko dute.

Atzo eguerdian Miguel Laparrak Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Eskubide Sozialetako kontseilariak eta Joseba Otondok, Baztango alkateak, udala “Alokairu-Boltsa” bizitegi programaren erakunde laguntzaile izendatzeko lankidetze hitzarmena sinatu dute. Honen bidez baztandarrek etxea izatea errazteko, hutsik diren bizitegiak  etxebizitzaren merkaturat aterarazi nahi dira. Horretarako, bertze neurrien artean programak etxe-jabeari hilabetero ordainsaria tenorez ordainduko zaiola bermatuko dio, bizitegia egoera onean itzuliko zaiola eta arrisku anitzeko asegurua kontratatuko dela. Bertzalde errentariak, Eskubide Sozialen departamentuaren bidez alokairurako diru-laguntzak hartzen ahalko ditu.

Zerbitzu horiek guztiak Baztango Udaletik emanen dira eta, horren berme, Nafarroako Gobernuak Nasuvinsaren bidez kudeatzen duen “Alokairu-Boltsa” programa izanen da. Baztango Udalarendako programa hau interes bizikoa da, horregatik, horren berri izan zuelarik Nafarroako Gobernuarengana jo zuen, baztandarrei zerbitzu hau eskaini ahal izateko hitzarmen baten bila.


Hitzarmen honekin udalak etxebizitzak alokatzeko udal Zerbitzua abiaraziko du, helburua herritarrei etxebizitza izatea erraztea da, horretarako Baztanen diren etxe hutsei nolabaiteko aterabidea bilatuz. Ildo horretatik Baztanen 860 etxe huts daudela aipagarria da.