Baztango Udalak, urtarrilaren
26ko osoko bilkuran eta Geroa Baik aurkeztuta, Aroztegiako UGPSaren jarraipena
egiteko Baztango Udalean batzorde bat osatzeko mozioa onartu zuen. Batzorde
hori Baztango udaleko ordezkariak,
Nafarroako Gobernuko ordezkari bat, Palacio de Arozteguia S.L enpresako
ordezkariak eta Lekarozko alkatearekin osatzea
proposatzen du. Honen harira, plataformak hurrengo adierazpenak egin nahi ditu:
-Aroztegiako proiektu
urbanistiko espekulatzailea UGPS bidez onartu zen UPN eta Geroa Bairen eskutik
Baztango Udalari eta Baztango Batzar Nagusiari legez dagozkien eskumenak
kentzeko eta herritarren borondatearen gainetik proiektu hau inposatzeko.
-Ikusita Lekarozko zein
Baztango herritarren gehiengoak eta baita tokiko erakunde instituzional
demokratikoek (Batzarra eta Baztango Batzar Nagusia) proiektu honen kontrako irizpidea behin eta
berriz adierazi dutela, berriz ere, aurpegiak zuritzeko saiakera batean, ados
jarri dira burutzen ari diren inposaketa eta bidegabekeriari zilegitasuna eman
nahian.
-Plataformatik adierazi nahi
dugu batzorde hau pozoindutako batzorde bat dela. Lekaroztarren zein
Baztandarren borondateari muzin egin ondoren orain Lekarozko Alkatearen
presentzia eskatzen dute. Herriak egitea
nahi ez duen proiektuaren garapenaren jarraipena egiteko hain zuzen ere.
Lekarozko herritarren ordezkariari, herriaren suntsiketaren testigu konplizea
eta isila izatea eskatzen dioten bitartean, zafratutako lurren jabe pribatuak
zein herri lurren kudeatzeko eskumena duen Batzar Nagusiko ordezkaririk gabeko
batzordea eratu nahi dute.
-Nabarmena gelditu da, berriz
ere, Geroa Bai, enpresaren bozeramailearen papera bete nahia, Baztango herri
lurren defentsan aritu beharrean, herritarren ordezkariei eta herritarren
kontrako jazarpen judiziala egin duten horiek kokatu nahi dituzte herritarren
ordezkari paperean.
-Nahiz eta enpresak jarritako
salaketan eskatutako gauza gehienak epaileak atzera bota duen, gogor salatzen dugu Garbiñe Elizegiren kasuan
auzitegiak emandako zehapena. Adierazpen askatasunaren eraso larria eta ama
lurra suntsitu nahi duten eskrupulurik gabeko
kapitalistak inpunitate osoarekin jokatzeko bidea ireki nahi duelakoz.
-Baztanen eratu behar den
batzorde bakarra Aroztegiako UGPSa gelditzeko eta herritarren borondatea
betetzeko lan egingo duena da.
AROZTEGIAKO UGPSa GELDITU!
INPOSAKETARIK EZ!
Aroztegia..eta gero zer?
Plataforma