Gaur goizean Baztango udaleko ordezkaritza Nafarroako
Gobernuko herri-lanetako zuzendaritza nagusiko arduradunekin Iruñean bildu da.
Horrela, Joseba Otondo Baztango alkatea, Mikel Ortega alkateordea eta
Florentino Goñi herri-lanetako zinegotzia Natxo Nagorerekin, herri-lanetako
zuzendari nagusiarekin bildu dira.
Bilera udalaren eskariz egin da Nafarroako
Gobernuarenak diren Baztango hainbat errepideren egoerari buruz solastatzeko.
Baztango ordezkaritzak Beartzungo bidean zabalguneak egiteko eskatu dio
zuzendari nagusiari. Modu berean Gorramendiko bidea xehaturik dagoela
jakinarazi dio eta Orabideako errepidea ere hondaturik dagoela.
Arizkungo
Iketzateko bentako bidegurutzeko borobilguneaz ere galdetu diote. Bertzalde,
Elizondorat sartzeko zubi berriaren proiektua zertan den erran diote eta
Lekarozetik hilerrirat joateko zaldaina zertan den ere bai.
Zuzendari nagusiak
errepide sarea zabaldu eta hobetzeko partidarik gabe dagoela erran die eta
kontserbaziorako kontu-saila ere justua dela. Baztango ordezkaritzak ez du
konpromiso zehatzik lortu ahal izan, baina Baztanek dituen behar horietarik
ohartzeko baliatu dute hitzordua. Bailarako gainerako bideen mantenimendu eta
konponketa Tokiko Inbertsio Planetik eta udalaren aurrekontutik baideratzen da.