Gero eta errotuago dagoen Haziaren Egunaren
aurtengo ospakizuna Lekarozen, larunbatean egin berri dute. Deialdiari
erantzunez, gaian interesaturiko hamarnaka jende bildu ziren, iaz Erratzun
egindako saioari segida emanez. Eguerdi aldean, giro eguzkitsu eta atseginaren
arrimuan, eskola ireki berriaren aitzinaldean, haziak trukatzeko paratutako mahaian gisa guztietako haziak elkartrukatu
ahal izan ziren: banabarrak, artoa, kalabaza... Eta adin desberdinetako jendeak, herrikoak eta eskualde guztikoak, haziei buruzko kezka beretsuarekin eleketa gozoan aritu ahal
izan ziren. Egunaren muina hazien elkartrukea izanagatik, goizean Elutseko
minditza komunalean fruta-arbolen neguko txerto ikastaroa egin zuten. Ruth Peña
eta Iban Larratxearen eskutik harat hurbildutakoek amu teknikak ikasi ahal izan
zituzten, bai betiko moduan: behi kaka, buztin eta trapuarekin eta ore
komertzial eta zinta aislantearekin ere bai. Eguna borobiltzeko Jakoba
Errekondoren mintzaldi jendetsua egin zen. Usurbildarrak eskolarat bildutako berrogei
lagunen kezka eta gelderei jakintza handiarekin erantzun zien.
Aurtengo Haziaren eguna Baztango agroekologia
eskola herritarran baitan egin da, Hazitik Hoziek eta Legate elkarteak
antolaturik. Haziaren eguna urtero herriz aldatzeko hartutako erabakiaren
ondotik, aldiro jende desberdina bildu eta inplikatzeko ahalmena erakusten ari
da eta, horren bidetik, bertako haziak berreskuratu eta ez galtzeko kezka
neurri batean jendarteratzen.
Agroekologia eskolaren egitarauan barnean,
heldu den ortziralean, martxoaren 17an, Jo ala Jok antolaturik bertako
sagardoen dastaketa eginen da Arizkungo Gamioxarrean dolarean. Dastaketa
enologoen laguntzarekin eginen da, 19:00tatik aitzinerat, merendu-afari giroan.