SASIAK MOZTEKO TRAKTOREAREKIN KEXU BAZTANGO GEROA BAI

Prebisio falta salatu du Geroa Baik traktorearen zerbitzuari dagokionez. Horri erantzunez prentsa oharra atera du Baztango Udal Gobernuak:

Geroa Baik udaleko traktorearen zerbitzuari buruz salatzen duen prebisio faltaz, behin eta berriz azaldu zaien moduan, traktore-gidaria urtero Nafarroako Gobernuak langabetuak kontratatzeko dirulaguntzarekin kontratatuko da, sei hilabetez, apiriletik aitzinerat. Egin beharreko lanak berriz, udalaren palistarekin egiten den bezala, herrietako alkateekin adostuta eginen da.

Traktorea eta sasiak mozteko tresna erosi artio, udalak bideak garbitzeko zerbitzua bi hilabetez bertzerik ez zuen ematen; hemendik aitzinerat, zerbitzu hori sei hilabetez emanen da.


Oroitarazi beharra dago traktorea eta sasiak mozteko makina EH Bildu, Ezkerra, eta Auzolaneanen aldeko bozkarekin onartu zela, herrietako alkateen eskakizuna zela eta Baztanen gero eta gehiago sasitzen ari diren bide eta inguruak garbitzeko guztiz baliagarria izanen dela. Inbertsio honek, zalantzarik gabe, Baztanen dituen beharrekin bat egiten du.