Baztango Udalak ikasketa akaberako lanak edo proiektuak
diruz laguntzeko bigarren deialdiko laguntzak ebatzi berri ditu. Aurtengo
onuradunak Nahikari Vesga Maisterrena amaiurtarra eta Ainhoa Astiz Goñi lekaroztarra
dira.
Nahikari Vesga Euskal Ikasketetako graduko ikaslea da EHUren Gasteizko
fakultatean eta bere lana Baztango galdegai egitura baten azterketa izanen da;
horrek hizkuntzaren teoriarako dituen ondorioak esploratuz.
Ainhoa Astiz Goñi, bertzalde, Haur Hezkuntza graduko ikaslea
da NUPen, Iruñean eta ikasketa
akaberarako “Adimen anitzak haur eskola baten antolaketan” izenburuko lana
eginen du. Lan honek Baztango Haur Eskolaren hezkuntza aztergai izanen du eta
Baztan Haur Eskolaren eta Adimen Anitzen Teoria nola bateratzen diren ikertuko
du.
Ikasle bakoitzak lana egiteagatik 500 euroko laguntza jasoko du. Ortziralean epaimahaia bildu zen eta aipatu proiektuek
deialdiko baldintzak betetzen zituztela ikusirik laguntza ematea erabaki zuen.
Epaimahia Baztango alkateak, udal idazkariak, Garalurreko teknikariak eta
Lanbide eskola eta Lekarozko ikastetxeetako zuzendariek osatzen dute. Deialdiak
udal aurrekontuetan 2.000 euroko kontusaila zuen, lau laguntza eman ahal izateko,
nahiz bi bakarrik aurkeztu diren.
Deialdiaren onuradunek dirulaguntza jasotzeko lanak egin eta
tutorearen ongi ikusia beharko dute. Behin lana eginda, bakoitzak bere herrian lanaren aurkezpen publikoa
egin beharko du.
Aurtengo deialdia iazkoaren segidan heldu da
eta deialdiaren hasierako helburuei jarraiki, poliki-poliki Baztani buruzko
ezagutza corpusa eraikitzen ari da. Iaz
Alaitz Arretxea, Josune Berho eta Oihana Otxandorenak turismoaz, XVII-XVIII.
mendeetako goi-mailako etxe tipologiaz eta mutil-dantza eta nesken parte
hartzeaz lanak egin zituzten. Ikusten ahal den bezala izaera eta
jakintza arlo desberdineko lanak.