Atzo goizean Baztango udalak eta Mariezcurrenak Elizondoko
plazako lanak egiteko kontratua sinatu zuten eta berritzea abiatzeko alderdi
juridiko eta tekniko guztiak loturik lanak heldu den asteartean hasiko dira.
Egin beharrekoak BEZ gabe 49.125 euroko
kostua izanen du eta udalaren gain 23.083 geldituko da; gainerakoa kontratistak
ezkutuko akatsen kontzeptu gisa ordaindu beharko du.
Plaza berritzeko kontratua sinatuta asteartean plazako
markesinak eskuz urratzen hasiko dira eta ondoko asteetan kioskoa eta belar-parterrea
eginen dituzte. Lanak ongi bidean ekainaren akaberarako eginen dira, nahiz
kontratuan uztailaren 14 artioko epea ematen den. Proiektuak Elizondoko Herriko
Batzarraren on-ikusia du. Joan
den buruilaren 28an egindako batzarrak Laborra arkitektuak egindako
proposamenari baiezkoa eman baitzion.
Elizondoko plaza berritzeko arrazoi nagusia markesinak
hondaturik daudela da. Plaza egin eta guttira kanpoko giroa (euria, haizea…)
markesinak hondatzen hasi zen. Udaleko teknikariek egindako txostenaren arabera
ezkutuko akatsengatik. Horregatik, markesinen konponketa egin ahal izateko udala
plazaren proiektua idatzi eta egin zutenekin harremanetan paratu zen. Alta, obraren
egileak, markesinen behin betiko konponketarik ez zuela bermatzen ahal erran
zuen, seguru aski, moldaketak egin eta 5-7 urtera berriz zartatuko zirela.
Horrela, Baztango Udalak markesinen konponketarako ezkutuko akatsengatik enpresak
ordaindu beharrekoa 26.081 euro (Bez kanpo), plaza eraberritzeko erabiltzea
pentsatu zuen eta, horretarako, Elizondoko herriarekin orain eginen den plaza
berriaren diseinua landu zuen. Proiektuak, BEZ gabe, denera 49.125 euroko
aurrekontua izanen du. Udalaren gain 23.083 euro (BEZ gabe) geldituko da eta
Mariezcurrenak ezkutuko akatsengatik 26.081€ bere gain hartu beharko du.