LUR-BANKUEI BURUZ KATALUNIAN EGINDAKO JARDUNALDIAN BAZTANGO ALKATEA BAILARAKO HERRILURRETAZ ARITU DA.
Asteburuan CUP alderdiak Katalunian lurren
bankuei buruz eta herrilurrei buruz antolatu zuen gogoetaldian, Joseba Otondo
Baztango alkateak parte hartu zuen. Gogoetaldia Navás herrian egin zen,
elikadura burujabetzari buruz aitzindaria den Bartzelona ondoko herrian.
Jardunaldiaren helburua nekazal lurren galera eta kontzentrazioaren aitzinean
landa-eremuak bizirik atxekitzeko eta
nekazaritza herrikoia bulkatzeko
lurraren bidezko gestioari buruz administrazio publikoak eta herriko elkarteak
egiten ari direna aztertzea zen.
Baztango alkateak bailarako herrilurren
kudeaketaren berri eman zuen; alde batetik ,herrilurrak kudeatzen dituen Batzar
Nagusiari eta ordenantzei buruzko aipamena egin zuen. Bertzetik ,
nekazaritzaren bilakaera eta herrilurren aprobetxamendua nola aldatu diren aztertu zuen eta, azkenik,
krisian den nekazaritza indartzen laguntzeko
eta herrilurren banaketan nekazaritzatik bizi nahi dutenak lehenesteko Batzar Nagusia lantzen ari den herrilurren
ordenantzen aldaketa aurkeztu zuen.
Baztango esperientziaz gain, Naváseko
jardunaldian lurren aferari buruz sakon aritzeko aukera izan zuten. Carles
Soler ,Soberania Alimentaría
Biodiversidad y Culturas aldizkariko editoreak Kataluniako lur-zoruari
buruz eta mundu mailan ematen ari den espekulazio joerari buruz aritu zen.
1999-2009 artean egunero lau ustiategi ttiki hetsi direla jakinarazi zuen,
betiko nekazaritza galbidean dela eta lur horiek enpresa handiek erosten
dituztela. Gaur egun neurri ttikiko ustiategiak -ustiategi guztien %42-,
lurraren %5 bertzerik ez dute. Horren haritik, lurraren banaz bertzeko
prezioari buruz Estatu mailan1992an hektarea batek 4.700 euro balio bazuen,
2012an 14.000 euro balio zuela erran zuen. Solerren arabera lurra ondare
komertzialean bihurtu da eta bere izaera soziala galdu du. Halaber, nekazal
lurrak babesteko legeak behar direla erran zuen eta, ohartarazi, inbertsio
funtsendako nekazaritzako lurra merkatu interesgarria dela, gero eta nekazal
lur guttiago dagoelako eta gero eta jende gehiago badelako.
Terra
Franca elkarteko Vanessa Freixak lurra faktore estrategikoa dela erran
zuen, nahiz estatuek ez duten horrela jokatzen. Modu berean Europan urtero
188.000 nekazari gazte berri hasita ere, 500.000k uzten dutela jakinarazi zuen.
Bertzalde, nekazal lurraren kontrolari buruz prezioa kontrolatzen duen Estatu
bakarra Frantzia dela erran zuen eta, horren haritik, SAFER eta AMAPen
esperientzien berri eman zuen, biak ere nekazal lurra espekulazioaren
atzaparretatik kentzeko elkarteak. Lehena publikoa eta bigarrena herritarra.
Gainerakoan, larunbatean goiz eta atsaldez egin
zen jardunaldian lurraren gestioarekin loturiko alderdi gehiago lantzeko aukera
izan zuten. Baztango alkatearen erranetan, bertan ikasitakoetatik, lur-bankuen
esperientzia Baztani buruz interesgarria izaten ahal da.