AROZTEGIAKO PSISa LEGEZ GELDITZEN AHAL DA BI URTE PASA DIRELAKOZ. GELDITZEA ESKATU DUTE BATZAR NAGUSIKO ZENBAIT KIDEK
Nafarroako
Gobernuak Lekarozko Aroztegiako udalerriz gaindiko eragina duen plana (EGEP edo
PSIS) onartu zuenetik bi urte pasatu dira eta lanak ez dira hasi.
Horregatik,
legeak ematen duen aukera baliatuz ekainaren 6an Nafarroako Gobernuko
presidenteari eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko
kontseilariari Baztango Batzar Nagusiko lehendakariaren izenean eskari bana
igorri nien, Aroztegiako PSIS gelditzeko eta honen inguruko erabakia Baztanerat
ekartzeko eskatuz.
Aroztegiko PSIS
baztandarren gainetik egin nahi den proiektua da eta bailaran alimaleko
eztabaida piztu du. Haatik, Nafarroako Gobernuak bailarako eztabaidari
aterabide demokratikoa eman beharrean berean tematu eta baztandarren gainetik
pasatu nahi izan du. Eta, argi eta garbi erran behar da, proiektu partikular
bat egiteko, pelotazo bat bururatzeko, inongo interes orokorrik ez duena.
PSIS hau Baztango
erakundeei buruzko eraso handia izan da. Hirigintzako eskumenak Baztango
Udalarenak direlako eta herrilurrenak Batzar Nagusiarenak. PSIS honek funtsean
tokiko erakundeen autonomiaren eta izateko arrazoiaren kontra jotzea erran nahi
du eta, hori, ustez aldaketa defendatzen duen Gobernuak egitea eskandalagarria
da. Horregatik, gauza guztien gainetik eskari honekin Baztango erakundeen
autonomiaren eta eskumenen defentsa egin nahi dugu. Gehiago, herritarren geroan
eragin handia izanen duten proiektuei buruz herritarrek zuzenean erabakitzeko
eskubidea ere aldarrikatu nahi dugu.
Kontuan hartu
behar da, gainera, 2009an Nafarroako Gobernuak Aroztegiako proiektua PSIS
bezala tramitatzeko enpresaren eskariari EZ erran ziola eta udaletxearen
aitzinean udal planaren aldaketaren bidez tramitatu behar zela jakinarazi ziola.
Alta 2015ean, 2009ko erabakiari kontra eginez, UPNek PSIS bezala tramitatzea
onartu zuen eta urte bereko abenduan Geroa Bairen gobernuak berretsi. 2009koari
buruz zer aldatu da? Tartean zer egon da?
Aroztegiako
proiektu honek bailaran alimaleko kezka eta gatazka piztu du. 2009an Lekarozen
herri galdeketa egin zen eta gehiengoak proiektuaren aurkako iritzia eman zuen.
Geroztik 2016an Elizondoko karriketan 1500 lagunek baztandarrei hitza emateko
eskatuz manifestaldia egin zuten eta urte bereko ekainan Batzar Nagusiak
deiturik bailara mailako herri-galdeketa egin zen, zeinean %80ak baino gehiagok
kontrako iritzia eman baitzuen. Denbora honetan Lekarozko herria proiektuaren
aurka behin eta berriz agertu da eta Batzar Nagusia ere bai. Lekarozko herriko
alkatea hautatzeko azkeneko aukeraketan ere, proiektuaren kontrakoa aise
nagusitu da.
Proiektu hau PSIS
bezala tramitatzea zerk justifikatzen du? Deusek. Herritarren kontrako iritzia
saihesteko jokaldia bertzerik ez da.
Gobernu
desberdinek Aroztegiako proiektuaren alde agertzeko proiektuaren garrantzi
estrategikoa aipatu izan dute, baina gaurgero hamar urte pasatu dira eta ez
dute fitsik aitzinatu. PSIS onartu zenetik bi urte joan dira eta lanak ez dira
hasi. Proiektuak izaera estrategikoa omen du baina inork ez ditu Lekarozen egin
nahi dituzten 228 etxebitzitzak faltan botatzen. Baina, hori bai, inorat ez
doan proiektu hau egiteko Baztango erakundeei ostiko eman diete eta herritarrei
erabakitzeko eskubidea kendu.
Geroa Bairen
gobernuak urrezko aukera du Aroztegiako gatazkari aterabide demokratikoa
emateko, tokiko erakundeen autonomia aitortzeko eta gobernatzeko bertze modua
erakusteko. Aukera paregabea du berrazterketa honetan kalteordainik jokoan ez
dagoelako eta aukera paregabea du gobernuak erran duelako orain artio PSISekin
eman den aldrebeskeria zuzentzeko lege berria egin nahi duela iragarri eta
Aroztegiakoa hor sartzen ahal duelako.
Horregatik,
Nafarroako Gobernuari burutsu eta adimentsu jokatzeko eskatzen diogu eta
ekainaren 6an erregistratu genuen eskariari arrazoimenez eta zentzuz
erantzutea.
Aroztegiako PSIS
gelditu. Baztango aferak baztandarrek erabaki ditzatela.