KONTZENTRAZIO PARTZELARIOARI BURUZ ARITZEKO GOBERNUKO TEKNIKARIAK ANIZEN EGON DIRA.


Baztango Udalaren eskariz kontzentrazio partzelarioari buruz aritzeko Gobernuko landa garapen departamenduko teknikariek Anizerat bisitaldia egin berri dute. Bilera asteazkenean egin zen eta teknikariez gain Juan Kruz Iriartek udaleko nekazaritza eta herrilurretako zinegotziak eta Anizko nekazariek parte hartu zuten. 

Bisitaldian Anizko belai eta lur-eremuak ikusi zituzten eta bide-azpiegiturak ere bai. Teknikarien erranetan Anizko baldintzek kontzentrazio partzelarioa egitea errazten dute. Halaber, kontzentrazioaren aurrekontua Nafarroako Gobernuak beregain osorik hartzen duela jakinarazi zuten eta, horretarako, aurrekontua zehaztu eta onartu behar dela. Bide horretan herrian batzarra eginen dute eta herritarrek ongi ikusten badute, Baztango Udalak gobernuari eskaera formala eginen dio.


Kontzentrazio partzelarioari buruzko kezka Baztanen aspaldikoa da. Legealdi honetan, udalaren ekimenez Amaiurren mintzaldia egin zen eta ondotik, udaleko eta gobernuko arduradunak bildu izan dira. Bilera horien emaitza bisitaldi hau izan da. Baztango Udalak nekazaritzan ari diren nekazariendako kontzentrazio partzelarioa interesgarria izaten ahal dela uste du eta, horretarako, Baztan osoan aldi berean hasi beharrean, herri txiki batetik hastea hoberena dela pentsatu du. Horregatik lehendabiziko pausuak Anizen eman ditu.