ELIZONDOKO PLAZAKO ERAIKINAREN URTEKO MANTENUAK 30.000 EUROKO KOSTUA IZANEN LUKE

Elizondoko plazako eraikinari buruz Geroa Baik erran dituenen inguruan Baztango udal gobernuak kontu batzuk argitu nahiko lituzke.

Hasteko Geroa Baik plazako eraikina akitu nahi badu umiltasun gehiago beharko luke; aipatu eraikina baztandarrek hartutako beren oinordetza ezin kaskarragoa baita. Hori erranik plazako eraikinean eman beharreko zerbitzuei buruz Geroa Baik aipatzen dituenak: bake epaitegia, kultura eta kirola, turismoa… Zerbitzu horiek gaurgero ematen direla oroitarazi beharra dago. Hortaz, eraikin berriak zerbitzu publiko berriak emateari buruz ez du deus berririk suposatuko, baina bai mantenimendu eta gastu arrunta igateari buruz. Izan ere eraikin berriaren urteroko mantenimendu gastuak 30.000 euro ingurukoak izanen direla argitu beharra baitago (garbiketa 20.419, argia eta berogailua 8.273 eta igogailua 1.600). Eta datu hori herritarrek jakin behar dute: hau da, zerbitzu bera emateagatik gastu arrunta handiagoa izanen dela.

Bertze aferekin jarraikiz, Geroa Baik lortu duen 100.000 euroko laguntza nominatiboak zer pentsa ematen du, zeren prentsan heldu den bezala landa garapenetik eskuratu badu, argi dago eraikinak landa-garapenarekin deus ikustekorik ez duela. Aldi berean, iduri luke Geroa Bairendako Baztango gabezirik handiena beren eraikina dela, ohartu gabe Baztanen gabezi aunitz daudela.


Akitzeko 2016ko aurrekontuetan hitzartutako 30.000 euroei buruz Geroa Baik ongi dakien bezala plaza moldatzeko eta berritzeko erabili zen, bertan ziren metalezko pergolak hondaturik arriskua baitzekarten.