ARRAIOZKO ESKOLAKO LEIHOAK ALDATU BERRI DITU BAZTANGO UDALAK


Urtearen hasieran Baztango Udalak eraginkortasun energetikoa hobetzeko Arraiozko eskolako leihoak aldatu ditu, horien arotzeria barne. Lanak 15.817,89 euroko kostua izan du eta Zur-Zarrek egin du. 

Azkeneko urteetan Baztango Udalak Azpilkueta, Erratzu, Amaiur Arizkun, Gartzainen eta, Elizondoko eskolan eta Baztan Ikastolan leihoak aldatu ditu. Esku hartze hauekin eskola barneko giroa hobetzeaz gain energia eraginkortasun eta aurrezpenean ere hobekuntzak ematen dira. Aurtengo legealdian ere Arraiozko eskolako goitiko eta behitiko komunak berritu ditu udalak, eta beheitiko solairuan parke flotantea  paratu; denera 11.584 euroko bertze inbertsioa eginez.