BELATEKO TUNELAK HERSTERAKOAN NAZIOARTEKO KAMIOIEN PASABIDEA DEBEKATZEKO ESKATU DU BAZTANGO UDALAK

Otsailaren 9an egin zen ez ohiko osoko bilkuran Baztango N121A errepidetik nazioarteko zamen garraioa debekatzeko Nafarroako Gobernuari eskaria egitea erabaki zuen Baztango Udalak. Erabaki horrekin Belate eta Almandozko tuneletan segurtasuna hobetzeko lanengatik trafikoa Belateko mendatetik desbideratzeko Nafarroako Gobernuak egindako iragarpenari erantzun nahi izan dio Udalak. Izan ere urtarrilaren akaberan Manu Ayerdi gobernuko lehendakariordeak Belateko tunelak aipatu lanak egiteko zazpi hilabetez hetsiko zituztela jakinarazi baitzuen. Horren aitzinean Baztango Udaleko EH Bilduren eta Ezkerraren udal-taldeek “eskualderat heldu ez, baizik pasan ari den nazioarteko zama garraioa” debekatzeko proposamena aurkeztu zuten, “errepidea eguneroko erabiltzaileendako arras arriskutsua bihurtuko baita”. Proposamenaren alde Geroa Baik eta Auzolaneanek egin zuten, denera zortzi bozka eskuratuz. UPNren bi zinegotziek abstentziorat jo zuten.



 e