Aurtengo Baztango Agroekologia Eskola Herritarra larunbatean
Oronozen egin zen baratzeko haziak prestatzeko ikastaroarekin hasi dute. Herriko
batzartokirat hurbildutakoei, haziak prestatzeko tenorean kontuan hartu
beharrekoetaz aritu zitzaien Ruth Peña oronoztar baratzezaina. Horrela landare
autopolinizanteak (tomatea, piperra…) eta polinizazio gurutzatukoak (artoa, tipula,
porrua…) bereizi eta bakoitzaren arabera mantendu beharreko distantziak e.a.
aipatu zituen. Ikastaroan, bidenabar, gaur egun hazien inguruan antolatu den
negozioaz eta monopolioaz aritu ziren eta tokiko haziak gordetzeak elikadura
burujabetzarako duen garrantziaz. Ikastaroa Hazitik Hoziek antolatu zuen.
Agroekologia eskolako ondoko hitzordua martxoaren 10 ean
Zigan eginen den Haziaren eguna izanen da. Azkeneko urteetan Baztango herrietan
aldizkatuz egiten den eguna goizeko 11:30tan hasiko dute, hazien trukea egiteko mahaia paratuz; ondotik,
12:30tan Jakoba Errekondoren mintzaldia izanen da. Aurtengo haziaren eguna
Zigako herriak eta Hozitik Hoziek antolatu dute.