Gaur goizean
egindako ez ohiko osoko bilkuran Baztango Udalak 2018. urteko aurrekontua
onartu du. Udalaren aurrekontua 8.384.873 izanen da eta horren barnean Udal
Ikastolaren eta Zaharretxearen aurrekontuak daude 680.261 euro eta 136.315 euroakoa
hurrenez hurren. Kontuek EH Bilduren, Baztango Ezkerraren eta Baztan
Auzolaneanen aldeko zazpi bozka izan dute. UPNren lau zinegoziek aurka bozkatu
dute eta Geroa Bairen bi zinegotziek abstentziorat jo dute.
Datu aipagarri
gisa, Tokiko Inbertsio Planarengatik aurtengo aurrekontuetako inbertsioen
atalak izan duen igoera nabarmena aipatzen ahal da, denera 1.310.000 eurokoa
izanen baita; horietarik 440.000 euro udalaren gain eta gainerakoa dirulaguntza
desberdinen bidez. Konparaziora 2017an inbertsiotarako denera 339.000 euro
bideratu zen.
Tokiko Inbertsio
Planeko proiektuen artean Amaiurko Txisteneko Iturritik ur-biltegirat eta
ur-biltegitik baserrietarat ura eramateko 201.500 euro berezi da. Iruritako
ur-biltegiaren 4. faserako berriz 154.900 euro. Bertzalde, Azpilkueta eta
Zuaztoiko saneamendu, hornidura eta zolaberritzearen proiektuak idazteko eta
Sumutsuko eta Urruxkako bideen proiektuak idazteko 79.300 euro zehaztu da. Ziga
eta Zigaurreko saneamendu, zolaberritze eta argiteri lanak egiteko, berriz,
437.000 euro.
Gainerakoan
Elizondoko eskolaren teilatu berritzeko 30.000 euro onartu dira eta polikiroldegiko
teilatua konpontzeko bertze 18.500 euro. Modu berean, urtero bezala
mendi-lanetarako kontu-saila onartu da; aurtengoa 67.800 eurokoa.
Bertze inbertsio
aipagarria Baztango bideak zaintzeko erosiko den erretroindusgailu edo
erretroeskabadora berria izanen da. Oraingoak urte aunitz ditu eta urtero
matxura edo aberia garestiak izaten ditu. Erretroindusgailua erosteko 150.000
euro partida sortu da. Baztanek 1.200 km bide baino gehiago du egunereko
bizitzarako aski inportanteak direnak eta horiek behar bezala mantenitzeko
aipatu erretroindusgailua beharrezkoa da.
Bertzalde,
udalaren aurrekontua 4.773.000 eurokoa izanen da, 2018ko diru-sarrera arrunten
%63,91ekoa, legeak finkatzen duen gehinezko %110etik urrun. Orain bederatzi
urte Baztango Udalaren zorra 9 milioi euro baino gehiagokoa zen. Ikusten ahal
denez kontuak osasuntsuak dira eta ongi egituraturik daude.
Akitzeko, gastu
arruntaren atalean ez da aldaketa aipagarririk izan eta aitzineko urteetakoaren iruditsua izanen da.