IKASTOLAKO GURASO ELKARTEAK MENDI IBILALDIA EGIN ZUEN IGANDEAN

Berrogei bat lagun, haur zein guraso, elkartu ginen Izpegi-Elorrieta-Olate-Izpegi mendi ibilaldia egiteko. 9:30ean Izpegiko Bentaren gibeletik Elorrieta mendiko lepora eraman gaituen bideetako bat segitu genuen; bide garbi batetik abiatuz hasmentan eta, ondotik, basoan sartuta. Udaberrian sartuak garen honetan, pagadi berdeen artean ibili ginen.  Basoa gibelean utzita, hondar malda leuna gainditu eta lan handirik gabe  belardiz estalitako Nekaitzeko lepora (815 metro) ailegatu ginen.  Autza itzalaren begiradapean bazkan aritzen dira inguru horietan pottokak. Hurrengo lepoa Olartekoa izan genuen. Geldialdia egin genuen hor, gosaldu eta Olateko tontorrera igotzeko indarrak hartzeko. Ibilbideko punturik altuena izan zen Olate: 936 m. Paisaia zoragarriaz gozatu genuen kaxkoan: Urrizpilota, Elhorriko Kaskoa eta Nekaitzeko lepoa  ikusten ahal genituen handik. Ondorengoa, berriz Izpegiraino itzuli arteko bidea, maldan beheiti egin genuen.

Hiru ordu inguruko ibilaldia izan zen, aparteko zailtasunik gabea, haur zein helduek egiteko modukoa. Ibilbidea, arras polita eta historikoki  interesgarria, trikuharriak ere ikusi ahal izan baikenituen. Eguraldiak ere mesede egin zigun, tenperatura goxoak izan genituelako lagun.