MENDIKO ERREKETAK EGITEKO EPRIF TALDEA SORTZEKO ESKATU DIO BAZTANGO UDALAK NAFARROAKO GOBERNUARI


Mendietako larreen erreketak kontrolpean eta segurtasunarekin egiteko, herrialdeko suhiltzaleen barnean EPRIFekoen gisako talde berezia sortzeko Nafarroako Gobernuari eskaria egitea onartu du Baztango Udalak. Atzo egindako ohiko osoko bilkuran hartu zen erabakia ahobatez, EH Bilduk proposaturik

Mozioan aipatzen denez 2002. urtean mendietako suak prebenitzeko taldeak (EPRIF gazteleraz) sortu zituen Espainiako Estatuak. Lehendabiziko eginaldirako lau laguneko brigada sortu zuten eta Baztanerat ekarri.  Geroztik Malerreka, Bortziriak eta Leitzalderat zabaldu dute brigadaren lan-eremua, baina hasierako lau laguneko kopurua mantenduz. Azarotik maiatzerat aritzen dira, sei hilabetez.

EPRIF taldeek erreketen zuzendaritzaren ardura dute eta erreketa zailetan eta arriskutsuetan suhiltzaileen, mendizainen eta baserritarren lana antolatzen dute, lagundu bidenabar. Beren lan-aldia astelehenetik ortziralekoa da eta nahiz eta erreketak asteburuetan egin badaitezkeen ere, aukera hori arras mugatua da. Alta, herritarrek erreketak asteburuan egin nahiago dituzte.

Bertzalde EPRIFeko brigadako kideak urtetik urtera aldatzen dituzte eta gure eskualdea ezagutu orduko lekutzen; aldiro langile berriak ekarriz. Gainera, kontratazioak, estatu mailakoak dira eta horrek ere, eskualdea ezagutzea aunitz zailtzen du.

Guzti horregatik, mendietako larreen erreketak kontrolpean egiteko sortutako zerbitzuak urtetik urtera gero eta kexa gehiago ditu. Juan Kruz Iriarte zinegotziak aipatu zuenez gobernuko arduradunekin behin baino gehiagotan bildu dira gaiaz mintzatzeko baina orain artio ez da deus aitzinatu. Hortaz, atzo onartutako mozioak arrangura horri bide eman nahi zion.  Horrela, Nafarroako Gobernuari Nafarroa mailako mendietako suak prebenitzeko talde berezia sortzeko eskaeraz gain,  talde berri hori behar bezain bertze langilez eta baliabidez osatzeko eskaria egiten da.