PALACIO DE AROZTEGUIA ENPRESAREN KONTRA LEKAROZKO SAN MARTZIAL ERMITAREN DEFENTSA EGITEA ONARTU DU BAZTANGO UDALAK
Baztango
udalbatzak atzo egindako ohiko osoko bilkuran, Palacio de Arozteguiak bereganatutako herriko ermitaren jabetza
auzibide zibilean defendatzeko erabakia hartu zuen. Erabakiak EH Bildu, Ezkerra
eta Baztan Auzolaneanen aldeko 6 bozka izan zituen. Geroa Baiko 2ek kontra
bozkatu zuten eta UPNeko 3ek abstentziorat jo zuten.
Lekarozko San
Martzial ermita Aroztegiako eremuan dago eta lekaroztarren harridurarako
Aroztegiako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren birzatiketa planean baseliza Palacio de Arozteguiaren eskuetan
zegoela ikusi zuten. Horregatik, aurtengo otsailean, herriko alkatearen bidez
auzibide zibilean ermitaren jabetza defendatzeko eskatu zion Lekarozko herriak Baztango
Udalari. Martxoko osoko bilkuran, haatik,
aferak lasterrago argitze aldera, udalbatzak ikerketa espedientea
abiatzea erabaki zuen eta espedientea abian zelarik, aurtengo udan, Palacio de Arozteguiak gaia auzibide
zibilerat eraman zuen. Horrela, atzoko osoko bilkuran, gehiengoak, auzibidean
lekaroztarren interesen defentsan aurkeztea erabaki zuen.
Joseba Otondo
alkateak ordezkari politikoen lehendabiziko ardura herriko ondasunak babestu
eta zaintzea dela erran zuen eta atzoko erabakiarekin, alderdi bakoitza ardura politiko
eta publiko horri buruz erretratzen dela.
Modu horretan, ermitaren
gaia ondare publikoaren ikuspegitik, Aroztegiako Udalez gaindiko Plan
Sektorialak Batzar Nagusiaren oniritzirik gabe
bereganatu dituen herri-lurren eztabaidari gehitu behar zaio.