Aurtengo udan
Baztango udalak egin dituen inbertsioen ondotik, Baztango haur eskolako
sukaldea abian da eta bertan sukaldatzen hasi dira. Gaur goizean Haur eskolan
egin duten agerraldian udaleko eta eskolako arduradunak proiektua aurkeztu
dute. Bertan izan dira Joseba Otondo alkatea, Juan Kruz Iriarte eta Florentino
Goñi zinegotziak eta Kristina Goñi haur eskolako zuzendaria.
Joseba Otondo
alkatearen erranetan “oraino ez gara nahi dugun jangela eredura ailegatu, baina
ginen tokitik nahi dugunerat ibilaldia hasi dugu. Ibilaldi horretan lehenengo
pausua haur eskolako sukaldea muntatzea izan da”. Udaleko ordezkarien erranetan tokiko
elikadura sistema eta ekonomia autozentratua bulkatzeko pausu garrantzitsua da.
Haur eskolako
sukaldean 15.000 euroko inbertsioa egin du Baztango Udalak eta buruilaren
akaberaz geroztik, haur eskolan berean sukaldatzen da. Kristina Goñi zuzendariak erran duenez,
eskolaren proiektuari bulkaldia eman dio honek eta hezkuntza eskaintzaren
kalitatea handitzeko balioko du.
Udal agintarien
erranetan sukaldea eta elikadura eskolaren proiektu pedagogikoaren barnean
sartu dituzte, haur eta gurasoak elikaduraren garrantziaz ohartu daitezen.
Sukaldeak, aldi
berean, lan-aldi erdiko sukaldaritza postua berria ekarri du.
Bertzalde,
otorduei buruz lehendabiziko pausuak ematen hasi direla erran du Otondok.
Otorduetako produktuak slow-foodek markatzen duen 0km kontzeptuaren barnean
hornitu behar dira. Lekariak: garbantzu, dilista e.a. ekologikoak dira. Sasoiko
elikagaiak eta freskoak izatea bulkatzen da, “nahiz oraino ez dugun hori
inondik ere %100ean hala izaterik lortu” . Helburua da ondoko aldirako menu
guztiak urte sasoiaren arabera prestatzea bertako produktuak erabiliz eta ahal
dela ekologikoak.
Hori da landa
eremuak biziarazteko bidea “Zer jan halako Baztan” aipatu du alkateak.
Bertzalde,
aurtengo ikasturterako ere Baztango udalak Oronoz-Mugaireko eskolan sukaldea
eta jangela egokitu ditu. Nahiz, kasu honetan, horren kudeaketa eskolako guraso
elkartearena den.
Aipagarria da
bertzalde, Baztango eskoletako jangeletan 440 otordu inguru ematen direla.
Denera 200.000 euro baino gehiagoko aurrekontua mugitzen da eta 22 lanpostu
sortzen ditu sukaldariak eta begiraleak kontuan hartuta.
Jangelatan
aitzindarienak Amaiur eta Erratzukoak dira otorduetako produktu gehienak bere
honetan erosten dituzte eta eskolan sukaldatzen.
Eskoletako
jangelen artean udalak kudeatzen duen bakarra Haur Eskola da, gainerakoak
gurasoek edo ikastetxeek egiten dute.