BAZTANGO HERRI-BAZKALEKUETAN INBERTSIOAK EGIN DITU UDALAK



Udako hilabeteetan Baztango bazkaleku komunaletan lanak egin ditu udalak. Erdizeko Bihotzeko zilo alderdian adibidez aska berria  egin du, 1.699 euroko inbertsioa ekarri duena. Aska hau nekazarien eskaera zen, urtero bazkaleku komunaletako nekazariekin egiten den bilkuran aipatutakoa. Erdizen ere, Larrakarte alderdian hondatutako aska berritu du udalak, 2.460 euroan. Lan guztiak Urballo enpresak egin ditu.

Bertzalde Belateko bazkalekutik Donamariara doan bidea ere berritu du udalak. 1.800 euroko kostua izan du eta Almakok egin du.

Gainerakoan urtero bezala Erdiz, Lizartzu eta Belateko bazkalekuetako sasiak moztu ditu udalak eta bazka hobetu eta indartzeko mineral ekologikoa hedatu du. Bortz urte dira aipatu herri-bazkalekuek ziurtagiri ekologikoa dutela, denera 1000 hektarea.

Aipagarria da, modu berean, hiru herri bazkaleku horietan urtero 700 behi buru eta 80 betizu alhatzen dituztela. 2.700 ardi buru inguru eta 240 zaldi-behor. Horiek denak 200 nekazarirenak.