KORRIKA Kulturala aurkeztu du gaur Asier Amondo KORRIKA
arduradunak, hainbat artistarekin batera, Gasteizko Baratza aretoan. Sei
estreinaldi izango ditu aurtengo KORRIKA Kulturalak, baina ehunka izango dira
Euskal Herriko txoko ezberdinetan antolatuko diren ekitaldiak
Elkarlana da
KORRIKA Kulturalaren izaeraren ardatza, eta horixe irudikatu dute gaurko
aurkezpenean: Loraldia Festibaleko eta Baratza aretoko ordezkariak eta hainbat
artistak hartu dute parte agerraldian.
Aiko dantza-taldeak
zabaldu du ekitaldia, Garaikideak izeneko lanaren lagin batekin, «dantza
entzungai eta musika ikusgarri» egiten duen lanarekin. Porrotx pailazoa ere
egon da, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berria aurkezten: Musua
ikuskizunaren estreinaldia egingo dute KORRIKA Kulturalean, «musuek biraka
jartzen dutelako mundua».
Andoni Egaña
bertsolariak eta Xabier Zabala musikariak abesti bat Enkarguz sortzeko
prozesua agertuko dute, sormena eta parte-hartzea ardatz dituen ikuskizunean.
Kale-antzerkia ez da faltako KORRIKAren ziklo kulturalean: Jule
antzezlana emango dute Hortzmuga Teatrokoek. Arte-adierazpide berriak ere
izango dira, Beñat Krolem artistaren Oholtza performance-ari esker.
Loraldiarekin elkarlanean
Estreinaldi
handienetako bat izango da Kalaportu ikuskaria: Joseba Sarrionandiaren
lurralde poetikoak kanturako ematen duen aukera taularatuko dute Loraldia
Festibalarekin elkarlanean. Euskal Herriko hiriburuetako antzokietan egingo
dituzte emanaldiak.
Asier Amondo KORRIKA
arduradunak nabarmendu du elkarlana dela KORRIKA Kulturalaren oinarria eta
herritarrei dei egin die Klika egin dezaten: «Euskarazko kultura sortu eta
kontsumitzeko Klika, euskal komunitatea sortzen jarraitzeko Klika, euskararen
aldeko konpromisoari Klika». Euskararen aldeko konpromisoak hartzeko garaian
gaudela esanez amaitu du agerraldia.