AROZTEGIA ETA GERO ZER?: GEROA BAIK DEN ALOTUA UTZI NAHI DU HAUTESKUNDEAK BAINO LEHEN


Prentsaren bidez jakin berri dugun bezala, Aroztegiako lurrak kudeatzen dituen konpentsazio batzordeak urbanizazio lanak esleitzeko prozedura publikoa abiatu du.

Orain badakigu zerengatik zituen halako presak Geroa Bairen gobernuak proiektu urbanistiko honen foru intereserako izendapena luzatzeko. Hauteskunde propaganda baten aitzinean gaude, dena lotu maiatza baino lehen zerbait egin dutela erakusteko. Legealdia akitu baino lehen dena lotuta utzi nahi dute ondotik inork ez dezan negozioa izorratu.

Lotsagarria da Geroa Baik egin duena, aldaketaren gobernua izan behar zena inposaketaren gobernua bilakatu da Aroztegiaren gaiarekin. Hasieratik akordio programatikoan adostu gabe zegoen puntuetariko bat izan zen Aroztegiakoa. Ondotik gobernu “teknikoa” izendatu zuten eta “tekniko” nagusi bezala Manu Ayerdi izendatu zuten. Dudarik Gabe bera izan da proiektu honen bulkatzaile nagusienetariko bat. Bera teknikoa bada gu bufaloak izan gaitezke.

Zementua Baztanen, oraindik asfaltatu gabe dauden dozenaka baserrietan behar dugu, hori bai dela foru interesekoa eta ez Baztango 40 hektarea lur emankorrenak hormigoiz betetzea. Nekazaritza eta turismo iraunkorrarekin ahoa betetzen zaien bitartean nekazal lur hoberenak proiektu inmobiliarioetara bideratzen badira laister iparraldeko kostaren luzapen bat bilakatuko gara, golfean jolasten duten jende arrotzez beterik bazterrak, erderaz mintzatzen karriketan, gazteak ezin herrian geldituz errenta eta etxebizitzak garestitu direlakoz…

Egoera honen aitzinean garbi erran nahi diegu isunen eta inposaketen bidez gu isilarazten saiatzen ari diren hoiei, zutik eta tinko egonen garela proiektu honen aitzinean. Modu berean, noizbait obrak hasten badira ere ez gara isilduko, zeren eta herritarrok Aroztegia geldituko dugu!

Akitzeko, jakin Nafarroako alderdi eta sindikatu desberdinek beraien babesa erakutsi digutela. Herritarrei ere dei egin nahi diegu larunbata honetan, eguerdiko 12:00etan, Elizondoko plazan eginen den konzentrazioan parte hartzera, denen artean Aroztegia geldituko dugu!