Arras Baztan fundazioak Frantziako Val de Drôme eskualdeko
Biovallée lurralde marka ezagutzeko ibilaldia eginen du asteburuan. Fundazioa
osatzen duten elkarteetako hemeretzi kide abiatuko dira igandean goizean goiz
garapen iraunkorrean aitzindaria izan nahi duen eskualdea ezagutzeko. Hamarkada
osoa da ibilbide horretan inguruko eragileak elkarlanean hasi zirela eta
horretarako Biovallée lurralde marka sortu zuten, egitasmo kolektiboa bideratu
ahal izateko tresna. Val-de-Drómen proiektu desberdinak ezagutzeko egitaraua
osatu dute astelehenerako, horrela, bertzeren artean elikadura eta nekazaritzaz
ariko dira, turismo iraunkorraz, etxebizitza eta ingurumen egitasmoetaz,
Biovallée Le Campus ekogunea ere ezagutuko dute eta Les Amanis etxalde ekologikoaren
proiektu pedagogikoa ere bai.
Biovallée
lurralde proiektuaren bidez bertako baliabide naturalak zaintzeko lurraldea
antolatu nahi dute, baliabide horiek herritarren beharretarako egoki erabili
eta garapen iraunkorrerako berrikuntzak bultzatzeko eta horien hedapenean
laguntzeko eskola-lurraldea izan.
Biovalléen,
adibidez, nekazarien %40 ekologikoan ari da eta produkzioaren %50 kalitatezko
zigiluekin merkaturatzen dute, bai babestutako indikatzaile geografikoen bidez,
bai jatorri deituren bidez. Bertzalde, energia berriztagarrietan ere egitasmo
desberdinetan ari dira.
Arras Baztan
marka eta fundazioa joan den irailean aurkeztu zuten bertako nortasunean eta
lurraldean oinarritzen den tokiko garapen sozioekonomikoa bultzatzeko ekimen
gisa. Fundazioan Baztango hainbat
elkartek (Baztango Zaporeak, Apopilo, Prest!, Bertan, Baztango Artesauak) ,
Lanbide eskolak, Garalurrek eta Baztango Udalak parte hartzen dute.
nformazioa osagarria hemen: https://biovallee.net/