“SISTEMA ALDA DEZAGUN, EZ KLIMA” BIZIKLETA IBILALDIA ELIZONDON

Martxoaren 15erako klima aldaketaren kontra sistema aldarazteko ikasle greba deitu dute mundu mailan. Deialdiaren helburuarekin bat eginez, Baztanen bizikleta ibilaldia eginen dute egun berean atsaldeko 19:30etan Elizondotik plazatik abiatuta, herrian barna itzulia egiteko.


Beroaldiak, uholdeak, hurakanak… aldaketa eta xehakuntza handiak sortzen ari dira planeta osoan. Gaur egun klimaren aldaketak, adibidez, urtero 40 milioi errefuxiatu klimatiko sortzen ditu, uzta txarrak ere bai e.a. Klimaren aldaketa ebidentzia zientifikoa da eta aldaketa hori zibilizazio industrial-kapitalistaren emaitza da, kontsumokeri izugarrian oinarritzen dena. IPCCren azkeneko txostenak norabidea aldatzeko 11 urte bertzerik gelditzen ez direla gaztigatzen du. Hori da une honetan gizateriak duen erronka handienetarik bat. Horregatik hain zuzen mundu mailako ikasle greba deialdia egin dute #ClimateStrike goiburuarekin. Baztanen horri erantzunez aipatu bizikleta ibilaldia eginen da, bertzeren artean oroitaraziz Aroztegiaren iduriko  proiektuen karbono oinatzak klimaren aldaketan eragiten duela.