EHBilduren emaitza geldiezina


Baztango EHBilduk emaitza ikusgarriak lortu ditu udal hauteskundeetan eta, beraz, bere hautagai nagusia, Joseba Otondo, bailarako alkate izango da datozen lau urteotan.
Zer dago, baina, emaitza ikusgarri hauen atzean? EHBilduren gaitasuna, zortzi urteotan zehar,  bere planteamendu eraldatzaileak gizarteratzeko eta baztandarrek bere egiteko.
Hauteskundeetako emaitzen inguruan, Joseba Otondok Xorroxin irratian egindako elkarrizketa ekarri dugu gurera gaurkoan:

∎EMAITZEN BALORAZIOA
“Sekulako bozka kopurua atera dugu; ez genuke txoratu nahi bozka kopuru horrekin, nahiko genuke bozka kopuru hori neurriz ibili, ardura guztiarekin. EHBilduk ordezkatu nahi du langileak, nekazariak, emakumeak, gazteak, etorkinak, herri sektore guztiak, protagonismo berri bat egituratuz, Euskal Herriaren alde, Euskal Herria burujabe bat eraikitzeko ezkerretik, herriko sektore sozial nagusien alde. Horretan lanean segitu nahi dugu, harrokeriarik gabe.
∎BESTE ALDERDIEN BALORAZIOA
→Navarra Sumak zanpatekoa jaso du; iduri duenez horiek ordezkatzen zuten espazio horren aldiak Baztanen egin du eta Baztanek beste norabide batean ibili nahi du.
→Ezkerrak aldiz, emaitza aski onak lortu ditu, eta pozten gara, azken zortzi urte hauetan gobernu koalizioa egin dugu beraiekin eta beraiekin batera gobernatu dugu Baztan, erabateko elkarlanean eta erabateko leialtasunez, tarteka bakoitzak ere bere erabakiak hartuz bi alderdi diferente garen neurrian.
→Geroa Baik bozkak galdu ditu, eta uste dugu beharko duela pentsatu non kokatu nahi duen bere burua; lau urte hauetan Baztan gobernuari buruz erakutsi du jokatzeko manera bat, gogorra, eta norberak beharko ditu bereak  baloratu.
∎LAU URTEOAKO BALANTZEA
Lau urte hauek gogorrak izan dira guretako; epaitegietan behin baino gehiagotan ibili izan gara, ez garelako makurtu Aroztegiaren eta botere ekonomi handien aitzinean, beti saiatu garelakoz defendatzen herritarren hitza, lekaroztarren hitza, eta gainerako herritarrena ere, horri zor gatzaizkio. Garbi dugu guk noren alde egiten dugun, baztandarren alde eta herri sektoreen alde.
∎AURRERA BEGIRA ZER?
Aurrera begira, nik pertsonalki Ezkerrari gonbidapena egingo nioke, beraiek ondo ikusiko balute eta programa adosturik, elkarrekin Baztan gobernatzen segitzeko.
∎EMAITZA HAUEN ONDOTIK,  BURUAN GOGOAN
Azken 50 urteotan Baztanen lanean ibili direnak, ezagutu dutenak Baztan diferente bat, euskara maite ez zuena, eskuindarra; baldintza makurrenetan ere beti lanean ibili direnak beti aitzinerat; eta bestetik, espetxeetan dauden gure lagunak, adiskideak; Euskal Herriak behar du, behingoagatik, normalizatu egoera politikoa. Espainiako estatuari dagokio presoen eta iheslarien gaia konpontzea; lagun horiek guztiak gogoan ditugu beraz, Euskal Herrira ekar ditzaten nahi dugu eta  lehentasunezko kontua da.