Autodefentsa tailerrean izena emateko deia



Aurten, bigarrenekoz, FEMINIKASTEN egitasmoa martxan da. Bizitza antiojo moreekin ikusten ikasteko asmoz, solasaldi, proiekzio, tailer edo erakusketa bat izanen dugu Baztango xoko desberdinetan.

Lehendabizikoa irailaren 27an izan zen, Zauria(k) dokumentalaren aurkezpena, hain zuzen ere. Dokumental honetan, eromena, ezinegona eta osasun mentala aztertzen dira, beti ere ikuspegi feminista batetik eta bederatzi emakumeren errealitateak aintzat hartuz. Honetaz guztiaz solasaldia izan zuten Arizkunenea kultur etxera bertarako zirenek.

Gaurkoan bigarren ekimena aurkeztera gatozkizue. Urriaren 19an izanen da, eta lehengo urteko arrakasta ikusita, Baztango emakumeek aurten ere beharrezkoa ikusi dute autodefentsa feminista tailerra egitea. Egun osoko tailerra izanen da, goizean 10:00etan hasiko da eta arratsaldean 16:00etan.

Tailerrean parte hartu nahi dutenek posta elektroniko bat bidali beharko baztangohaizefeminista@gmail.com helbidera. Tailerra EMAGINen esku izanen da.