Bigarren urtez
segidan Landa Begiradak gogoetaldia eginen da Baztanen eta aurtengo gonbidatu
nagusia Luis Gonzalez Reyes zientzia kimikoetan doktorea izanen da. Gonzalezek “Klima
larrialdia eta krisi ekosoziala. Etorkizuneko alternatibak” izenburua duen
solasaldia eskainiko du azaroaren 9an, Elizondoko Arizkunenean, goizeko
11:30ean eginen den mintzaldian.
Luis Gonzalez Reyes
madrildarra da eta “En la espiral de la energia” liburuaren egileetako bat. Ecologistas
en Acción-eko kidea da eta elkarte horren Idazkaritza Konfederaleko partaidea
ere bai. Gaur egun Garúa elkarte kooperatiboan ari da ekologiarekin eta
pedagogiarekin zerikusia duten gaien ikerketa eta hezkuntzan. Alderdi horietan
hainbat unibertsitateko ohiko kolaboratzailea ere bada. Hamar libururen egilea edo egile kidea
da. Hitzaldia gazteleraz emanen du.
Jardunaldien
barnean bertze hitzordu aipagarria Jeune Bergère (artzain gaztea) filmaren
emanaldia izanen da, azaroaren 8an, iluntzeko 19:30ean Arizkunenea kultur
etxean. Film honetan bere ametsen bila hiria alde batera utzi eta Normandiako
herri batean artzaintzan hasten den ama ezkongabearen bizia kontatzen da. Filma
jatorrizko bertsioan frantsesez emanen da, euskaraz azpititulatua.
Landa Begiradak
jardunaldia iaz hasi zuen Baztango Udalak. Ordukoan José Bové
nekazari-sindikalista eta europarlamentari frantziarraren mintzaldi jendetsua
egin zen, baita Petit Paysan filmaren emanaldia ere, bertzeren artean.
Aurtengo jardunaldiaren
antolaketan Baztango Udalaz gain Hazitik Hoziek eta Energia Onak ere parte
hartu dute. Landa Begiradak-en helburua landa eremuari buruzko gogoeta kritikoa
pizteko elkargunea izatea da. Adierazpide desberdinen bidez oraingo garai eta
jendartean orokorrak diren hizpideak landa-eremuen berezitasunetik aztertzeko.
Landa-eremuei
buruzko agenda politiko eta publikoa lehiatzeko sortzen den gogoeta gunea da,
landa-eremuko egiazko arazoak eta erronkak zein diren identifikatuz eta horiei
buruz hausnarketa eta esku hartzeak bulkatuz.
Landa-eremuei
buruzko iruditegi berriak sortzeko nahia ere badu Landa Begiradak-ek;
gainbeheran eta egiturazko krisian diren lurraldeak izanagatik, sortzaileak eta
erakargarriak diren espazio sozialak izaten ahal direlako. Azken batean, landa
eremu biziak izateko egin beharreko trantsizio sozial eta ekologikoaren nondik
norakoa zirrimarratzeko.
Aurtengo ekimena mural
baten margoketarekin akituko dute “Sistema aldatu, Ez klima” erraten duena.
Hori egiteko hitzordua azaroaren 16a izanen da, goizeko 11:00etan Elizondoko
frontoi zaharrean.
(Jeune Bergère
artzain gazteari buruz)