Arnaldo Otegi, EH
Bilduko koordinatzaile nagusia, atzo UPNAn bildu zen gazteekin solasean
aritzeko eta hauxe eskatu zien: Azaroaren 10eko hauteskundeak Estatu
espainoletik datozen injustiziei, Altsasukoa kasu, aurre egiteko baliatzeko, “etxean
geratzen den boto bakoitza eskuinera baitoa”.
Arnaldo Otegik esandakoaren
arabera, “inboluzio antidemokratikoa iritsi da eta hemen dago, eta guztioi
eragingo digu. Horren isla da Pedro Sanchezen azken dekretua, Gobernu
espainolari edozein webgune edo zerbitzu digital epaileen agindurik gabe ixteko
ahalmena ematen diona, hain zuzen”. Horren aurrean, Sanchezen “turkiar erako
dekretazo horri” botoekin erantzuteko aukera baliatzeko eskatu dio euskal
gazteriari. “Beraz, ez zaitezte etxean geratu, etxean geratzen den boto
bakoitza eskuinaren eskuetara joango delako, inboluzio antidemokratikoan
sakondu eta gazteen eskubideak eta askatasunak murriztu nahi dituzten horien
mesederako izango delako bakarrik”.
Otegik gogora
ekarri zuen Estatuaren inboluzioak Mozal Legearen eskutik Euskal Herrian ere
izan dituen ondorioak: Armiarma operazioa, @erreharria Alfredo Ramirezen
espetxeratzea, Altsasuko astakeria antidemokratikoa, bai eta rapero eta
titiriteroen aurkako jazarpena ere. “Hori guztia hala izanik, igandeko
hauteskundeak zuentzako proposamen eraginkorrik ez duen eta ulertzen ez
zaituzten Espainiako Estatuari erantzuteko aukera dira”.