Emaitzak
ikusgarriak erdietsi ditu EHbilduk, beste behin ere, Baztanen. Oraingoan,
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak suertatu dira, bigarrenez, apirilaren
28an egindakoen errepikapena izan baitira oraingoak, eta orduko emaitzak hobetuz EHBildu izan da eragilerik bozkatuena, bigarrenari alde handia atereaz, gainera.
Datu zehatzetara
joz, 1500 bozka borobil lotu ditu koalizioak, aurrekoan baino 186 gehiago, eta portzentajeari
dagokionez, bozken %41,56a.
Bigarren lekuan,
Navarra Sumak izan ditu jarraitzaile gehien Baztanen, 631 hain zuzen, hori bai aurrekoetatik
118 bozka galdu dituelarik.
Hirugarren lekuan PSOE
dugu, Espainiako Estatuan garaipena lortu duen alderdia, 587 bozkarekin,
apirilaren 28an baino 2 boto gehiago.
Laugarren lekura
jaitsi da Geroa Bai, 381 bozka lortuz, aurrekoetatik 350 galduz, ia erdiak,
beraz.
Bosgarren lekuan, Ahal dugu-Podemosek ere galera pairatu du, 379an geratuz, aurreko zitan baino 133 bozka gutxiago.
Espainian itzeleko arrakasta
lortu duen Vox alderdi ultraeskuindar eta faxistak berriz, jarraitzailerik izan
du Baztanen, 58 bozka erdietsi baititu, aurrekoan baino 12 gutxiago.
Baztanen eman den
joera berean, Euskal Herriko bazter eta herrialde ezberdinetan indar abertzale
eta soberanistak izan dira nagusi, Catalunyan gisara; izan ere, Espainiatik
datozen itzeleko injustizien aurrean, erantzun eta indar erakustaldi ezin sendoagoa eman da bi herriotako soberanisten partetik. Galizan ere, BNG alderdi abertzaleak emaitza bikaina erdietsi du eta ordezkari bat Madrilgo Kongresuan.
Espainiatik datozen injustizia horien artean, Altsasukoa aski azpimarragarria gertatzen ari da, eta kartzeleratutakoen guraso bat izanen da, Bel Pozueta, EHBilduren Nafarroako zerrendan lehena izaki, Madrilen egonen dena, Kongresuko aulki bat betez.
Bel baietz! zioen kanpainako lelo nagusiak eta baietz hori inoiz baino altuago entzun da Nafarroa osoan eta Baztanen.