Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguneko ekimenak



Azaroak 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harirat hainbat ekitaldi antolatu dira, Baztango Udaleko Berdintasun Batzordea eta Baztango Talde Feministaren eskutik.

Azaroaren 19an abiatu dira ekimenak, Alu Alu antzerki foroaren bitartez. 19:00etan izanen da foroa, Arizkunenea Kultur Etxean.

Alu Alu antzerki foroa emakumeen sexualitatea umoretik, onarpenetik, plazeretik plazaratzeko tresna gisa sortu da. Emakumeen sexualitateaz aunitz solastatzen ahal da, baina antolatzaileen  aukera izan da, oraingoan, birsortzeari buruz deus ere ez aipatzea eta norbere buruarekiko tratu onak, harremanak, plazera...izatea erdi gunea.

Azaroaren 20an, antzerki foroa Lekarozko institutuko DBH4 ikasleendako eginen da; jarduera hau ez da publikora irekia izanen, soilik aipatu ikasleentzat, goizez, Arizkunenea Kultur Etxean.

Azaroaren 24an ATX Teatroaren txanda izanen da, zeinak mendeku zilegiaren gaineko bakarkako ikuskizuna ekarriko duen. Ardatz nagusitzat biolentzia matxista duelarik, errealitatea eta fikzioa uztartzen dituen istorioa da. Lekua: Damaso Zabalza Gizarte Bilgunea,  Iruritan, 19:00.

Azaroak 25ean, emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunean, 12:00etan elkarretaratzea eginen da Elizondoko Foruen Plazan; eta 19:30etan, manifestazio burrunbatsua Elizondoko foruen plazatik abiatuta.

Jendeari beltzez eta aurpegiak tapatuak etortzeko gonbita luzatuko diogu, baita zarata egiteko tresnak ekartzeko ere.

Manifestazioa baino lehen performance bat eginen da plazan, 19:00etan.

Bukatzeko, Baztango Udalak azaroaren 25ari begira onartu duen adierazpen instituzionalaren esteka pasatzen dizuegu. 

Baztango Udalaren adierazpen instituzionala