Gure Eskurekin Larun kaskora


Catalunyako Tsunami Demokratikoak gaurko egunean Behobiako muga kolapsatzeko egin duen deialdi arrakastatsua eta gero, azaroaren 16an, larunbatean, bigarren zita bat dugu, egun horretarako deialdia luzatua baitu Gure Esku mugimenduak, Larun mendira txangoa egin eta inguruak argiz betetzeko ilunabar aldean.

“Argi dugu bidea" lelopean, eskubideak kriminalizatzen ari diren garaiotan, bide politiko eta demokratikoak nagusitzeko ekimenak biderkatzen ari da Gure Esku; izan ere, beharrezkoa ikusten baitu Espainiako estatuaren indarkeria, errepresioa, eta elkarrizketarako borondate ezari guztion artean aurre egitea, “guk ez badugu egiten, ez du inork egingo gugatik”.

Kataluniako auziak konponbide politiko eta demokratiko bat behar duela irizten du Gure Eskuk “eta ezinbesteko erreferendum hori bera izan behar da euskal herritarrok gure auziari bide emateko erabiliko dugun tresna ere. Oinarrizko eskubide eta askatasunen aldeko borrokan konpromiso irmoa hartua dugu, eta pauso bat bera ere ez dugu atzera egingo”.

Horregatik guztiarengatik, azaroaren 16an deialdia luzatu du, arratsaldeko 16.00etan Larungo kaskora etortzeko; hurbiltzen den orori frontal bat edo argi indartsu bat ekartzeko eskatzen da, horrela, ilunabarrean, argazki argitsu bat egin ahal izateko.