Larungo kaskoa argiz beterik



Azaroaren 16rako deitua zuen Gure Esku mugimenduak Larun kaskora txangoa, baina bertan behera geratu zen eguraldi txarra zela medio.

Deialdi hura larunbat honetan errepikatuko da, abenduak 7an. Oraingoan ere, Larungo kaskoan egin dute hitzordua, 15:30ean. Kopeta-argi edo esku-argi indartsuekin joateko deia egin dute, eta ilunabarrean argiak piztuta ahalik eta argazkirik argitsuena ateratzea da helburua.

Hegoaldetik, herri ezberdinetatik oinez joan nahi dutenek, 13:30etan dute zita jarrita Beran, Altzateko Plazan. Bertatik Larunera oinez joateko aukera izanen dute.

“Argi dugu bidea" lelopean antolatu da ekimena; eskubideak kriminalizatzen ari diren garaiotan, bide politiko eta demokratikoak nagusitzeko iniziatibak biderkatzen ari da Gure Esku; izan ere, beharrezkoa ikusten baitu Espainiako estatuaren indarkeria, errepresioa, eta elkarrizketarako borondate ezari guztion artean aurre egitea, “guk ez badugu egiten, ez du inork egingo gugatik”.