Etxebizitzaren eskubidea bermatzeko bidean



Baztango Udalak, alokairuen inguruan burutu duen inkestari buruz eman duen prentsaurrekoaren mamia pasatzen dizuegu jarraian: 

"Legearen arabera, pertsona guztiek etxebizitza duin batean bizitzeko eskubidea daukagu, baino gaur egun hau ez da betetzen.

Gizarte Zerbitzuetatik ezagutu ahal izan dugun errealitatearen arabera, gaur egun, Baztanen etxebizitza duin batean bizitzeko eskubidea ez dago bermatua. Berriki, Baztango Udaletik, Baztanen alokairuan bizi diren pertsonei zuzendutako inkesta bat zabaldu genuen. Jasotako testigantzen arabera, etxebizitza alokatzeko momentuan pertsonak traba aunitzekin aurkitzen dira. Hauek izan dira gehien bat identifikatu ditugun gabeziak:

-Alokairurako bideratutako etxe gabezia.

-Alokairuen gehiegizko prezioa.

-Alokatzeko momentuan trabak eta zailtasunak.

Alokatzeko etxe gabeziari dagokionez, nahiz eta etxe huts ugari izan Baztanen alokairurako bideratuak dauden etxeen kopurua oso txikia da. Honengatik, pertsonek denbora asko pasatzen dute etxebizitza ezin aurkitu eta honen ondorioz Baztanera bizitzera etorri berriak diren pertsona aunitz logelak konpartitzera behartuak ikusten dira, honek etxe berdinean pertsona gehiegi bizitzera eraman arte.

Honen ondorioz ere, gazteak ere zailtasunekin aurkitzen dira gurasoen etxetik joan nahi badute, ez delako erraza alokatzeko pisu bat harrapatzea.

Alokairurako etxe bat aurkituz gero bertze traba bat gaindu beharra dago, alokatzeko etxebizitzen prezioa. Jasotako erantzunak kontutan hartuz, momentu honetan Baztanen, 300 euro hilabetean baino gutxiago balio duen pisu bat aurkitzea ezinezkoa da. Alokairuaren kostuaren prezioak 300 eta 500 euro bitartekoak dira. Familia gehienek, hilabeteko diru-sarreren %35 baino gehiago alokairua ordaintzeko erabiltzen dute, kostu honi bertzelako gastuak gehitu behar zaizkio, argia, berogailua, ura ….. Bertzelako oinarrizko beharrak asetzeko margen gutxirekin gelditzen dira familia ugari. Azkeneko urte hauetan Gizarte zerbitzuetatik pasatu den pertsonengandik lortutako informazioa kontutan hartuz gero, argi eta garbi ikusi dezakegu, alokairuaren prezioak nabarmen egin duela gorantz.

Eta azkenik, etxea aurkituz gero, ez ezezaguna, atzerrikoa edo bestelako etnietakoa izanez gero, aunitzetan ez zaie zuzenean etxea alokatzen, aurre iritzi ugariekin aurkitzen dira pertsonak alokatzeko momentuan.

Gaur egun, etxebizitzaren eskubidea bermatzeko bidean, zenbait baliabide martxan jarri dira eta Baztanen indarrean daude. Alde batetik, alokairu poltsa dago, alokatzeko beharra duen pertsonak bertan izena ematen dute eta alokatzea lortu ez gero, errentaren arabera, diru laguntzak onartzen dira. Horretaz gain, alokairuaren kostua mugatua dago, 5,30 euro metro karratuko, horrela, alokairuko gehiegizko prezioak saihesten dira.

Baina, horretarako poltsa horretan dauden etxebizitzak egon behar dira, hau da, alokatu nahi duten etxebizitzen jabeek beraien etxebizitzak poltsa horretan sartu behar dituzte. Etxeak poltsa horretan uztean, onurak bertzerik ez ditu, hemen batzuk bakarrik aipatuko ditugu:

-          Etxebizitzak Nasuvinsa enpresa publikoak alokatzen ditu.
-          Errenta kontratua egiten dute.
-          Errenta garaiz eta hilero kobratzeko segurtasun osoa eskaintzen dute.
-          Etxebizitza egoera onean itzuliko da kontratua amaitzen denean.

Beraz, denen artean etxebizitza eskubidea bermatu dezagun eta bakoitzak gure alorretik zerbait jarri dezagun egoera honi konponbide bat emateko".