Arras Baztan fundazioak antolaturik Ipar
Euskal Herriko “Eusko” izeneko tokiko txanpona aurkeztu zuen Xebax Cristhyk,
euskal moneta elkarteko lehendakariak, Elizondon, pasa den otsailaren 5ean egin zen mintzaldian.
Ipar Euskal Herriko “Eusko” izeneko tokiko
txanponak trantsizio ekologikoaren eta euskararen aldeko herritarren bulkaldia
izan zituen hasieran. Bulkaldi horrek tokiko ekonomia aipatu balioen inguruan
indartzeko ekimena abiatu zuen, lurraldeko norbanakoak eta profesionalak txanpon
horren erabileraren bidez, norabide horretan ibilarazteko.
Christyk aipatu zuenez, ekonomia
lurraldearekin lotzen delarik, ekonomia birtokiratzen da, trantsizio
ekologikoan lagunduz. Eusko txanponak hain zuzen, hori bilatzen du. Ildo
horretan Euskoak laborantza industrialeko proiektuak ez ditu onartzen, ez
saltoki handiak edo ingurugiroari kalte egiten dioten enpresak. Euskoak hortaz
laborantza herrikoia, saltoki ttikiak eta ingurugiroaren aldeko enpresak
laguntzen ditu eta horietarako bakarrik balio du. Enpresak edo negozio batek
Euskoarekin bat egiten duelarik hurbileko hiru hornitzailerekin guttienez lana
egiteko konpromisoa hartzen du, horrela ekonomia birtokiratzen lagunduz.
Halaber, euskara bultzatzea helburuen artean
dagoenez, Euskoa erabiltzen duten enpresek seinaletika guztia elebiz izateko
konpromisoa hartzen dute.
2013an Euskoa abiatu zenetik, txanponak
alimaleko bilakaera izan du. Gaur egun 3.800 partikularrek erabiltzen dute, 800
enpresek eta hamarnaka herriko etxek, tartean Baionak. Denera 1,5 milioi Eusko
dago zirkulazioan, ekonomia aipatu norabidean egunero mugituz.