Salhaketa
Nafarroak, Etxeratek, Altsasuko Gurasoak plataformak eta Sare Herritarrak
manifestu bat plazaratu dute Nafarroako herritar guztiei, instituzioei eta
eragile sozial, sindikal eta politikoei zuzendua, bat egin dezaten Espainiako
Gobernuari honako eskaera egiteko orduan: lehenbailehen diseinatu eta gauzatu
dezala espetxe politikaren arloko neurri plan bat, haren bidez betetzeko
Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) eta Europako Kontseiluko Torturaren
Prebentziorako Batzordeak (CPT) emandako gomendioak.
Martxoaren 12an
Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak erabaki zuen kartzelak bakartzea eta soilik
kartzeletako funtzionarioei uztea bertara sartzen. Orduz geroztik Espainiako
Estatuko 70 erakunde sozialek baino gehiagok behin baino gehiagotan eskatu dute,
beste neurri batzuen artean, presoak aska ditzatela, hori delako neurririk
onena espetxeetan Covid-19aren kutsapenei aurrea hartzeko eta presoen
osasunerako nahiz bizitzarako eskubidea bermatzeko.
Gizarte entitateek
diotenez, “estatu askotan neurriak hartu badira ere, kartzelan dauden milaka
preso askatzeko, Espainiako Estatuko Gobernuak halakorik egin ez izana
tamalgarria da: Hemen, espetxe politikaren arloan, neurri bakarra hartu da,
kartzelak bakartzea alegia, eta horrek ekarri du, praktikan, presoen eta haien
gertukoen eta familien arteko komunikazioa murriztea eta bertan behera
gelditzea barruko jarduera guztiak, tratamendukoak barne.”
Horregatik,
Salhaketa Nafarroak, Etxeratek, Altsasuko Gurasoak plataformak eta Sare
Herritarrak dei egiten diete Nafarroako herritar guztiei eta eragile sozial,
sindikal eta politikoei, bat egin dezaten manifestu horrekin, Espainiako Estatuko
Gobernuari eskatzeko OMSk eta Europako Kontseiluko CPTk egindako gomendioak
bete eta presoak aska ditzala, berma dezala presoen eta beren familiakoen eta
gertukoen arteko komunikazioa, eta berrezar ditzala presoen bisitak eta
kartzela barruko jarduerak.
Entitateek adierazi
dutenez, “egoera honetan borondate politikoak agintzen du, eta, orain inoiz
baino gehiago, borondate politikoak herritar guztien osasunaren eta bizitzaren
zerbitzuan egon behar du, baita presoen kasuan ere.”