Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?
Saguzarrak
jatorrian omen, baino errugabeak. Egoera honetara ailegatzeko arrazoiak,
seguruenik, bizi dugun mundu globalizatu eta deslokalizatuan bilatu beharko
ziren.
Gerran gaude?
Batzuk gerra
agertoki bat irudikatzen saiatu arren, ez. Lehendik ere egon dira horrelako
izurriteak, eta egoten segituko dute. Bizitzaren komeriak! Dena kontrolpean
edukitzearen sentsazioa, aldiz, hankaz goiti gelditu zaigu, hori bai, eta
kontrol falta horren aitzinean batzuk diskurtso militarra indartu dute erantzun
posible bakar moduan.
Zein eragin izaten ari da, pertsonalki?
Hasmentako kezka
eta harriduraz gaindi, eguneroko bizitzako erritmo erotik urrundu eta nire
baitara biltzeko aukera ari zait suertatzen egoera honetan. Nire inguruan
gaixotasun kasurik ez egoteak eta lan egoera aldetik nire etorkizun hurbilean
arrisku handirik ez sumatzeak ere laguntzen dit denbora hau lasaitasunez
bizitzen, zalantzarik gabe.
Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?
Beti bezala,
errekurtso gutxien dituztenek pairatzen dute gehien, zalantzarik gabe.
Desberdintasun handienak, hala ere, izurrite ondotik sortuko den krisi
ekonomikoarekin nabarituko direla iruditzen zait.
Dena den kontu
korrontean ditugun zifra kopuruez gain, landa eremuak hiriek baino aukera
gehiago eskaintzen dituztela iruditzen zait konfinamendu egoera honetan,
bereziki bizi kalitateari begira.
Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia
dute. Zer adierazten du horrek?
Generoaren arabera
antolatzen gaituen gizarte honetan, normalean, zaintza emakumeen esku egotera
bideratu dela, normalean modu prekario eta gutxi baloratuan, bigarren edo
hirugarren mailako jarduera moduan ikusaraziz.
Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?
Osasun mailan
datuak hor daude, nahiz eta ez jakin ze puntutaraino fidagarriak izan. Ondorio
nabarienak, hala ere, ondotik sumatuko ditugula iruditzen zait, bereziki krisi
ekonomikoak gehien zartatuko dituen sektoreetan (denda txikiak, autonomoak,
ostalaritza…) nahiz eta honek denoi eragin modu batera edo bertzera.
Baztanen nola egin aurre pandemiari?
Maila
indibidualean, bizi dugun egoerari ahalik eta hobekien egokituz eta nahiko
genukeen bizitza ereduaz hausnartzeko baliatuz tarte hau. Maila kolektiboan,
komunitatea indartuz, eta tokiko ekonomia baterantz pausoak emanez, zaintza eta
bizitza erdigunean jarriz.
Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira.
Interneten topatuko al dugu elkar?
Momentuan hori da
gure plaza berria, ematen duenez. Teknologiak, gauza guztiek bezala, gure
bizitza errazten du ongi ibilita. Gaizki ibilita, aldiz, arriskuak hor daude.
Tresna eta espazio berriak izanik, gainera, arrisku hori ezjakintasunagatik
handitzen da. Hala ere, aitzineko galderaren erantzunarekin jarraituz, komunitatean
ongi errotutako pertsonak arrisku gutxiago izango du egoera honetan, ez baitu
internet bidezko komunikazioaren halako behar eta premiarik izango.
Egoera honen aurrean, borroka da …
… gertatu zaigunaz
ahalik eta gehien ikastea, nahi dugun gizarte ereduaz hausnartu eta horretarako
bidean pausoak emateko. Bide beretik, egoera honen ondorioz eman daitezkeen
eskubideen urraketen aitzinean erne egoteko bidea ere izango
da.
Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke.
Zergatik?
George Orwellekin
segi, nik 1984 liburua aholkatuko
nuke. Batetik, uzta oneko urtea izan zelako. Bertzetik gaur bizi dugun antzeko
egoera ekartzen duelako nolabait burura: isolaturiko pertsonez osaturiko
gizartea, teknologia bidez ematen den kontrol etengabea, eta Estatua boterearen
mesedean jardunean, pertsonak alde batera utziz.