Osasuna, maitasuna, askatasuna



Aurtengo Aberri Eguna oso momentu berezian datorkigu, koronabirusa dela eta denok etxean pasa beharko dugulako eguna. Ez da izango beraz, ohiko Aberri Eguna, baina Euskal Herri osoko herritarrez osatutako Batera ekimenak deialdia luzatu du etxetik atera gabe ere ospatu ahal izan dezagun.

Bateraren deialdiari  jarraikiz, heldu den igandean, etxeko leiho eta balkoietan ikurrinak eta Nafarroako banderak paratzea eskatzen da. Azkenaldian hil direnak gogoratzeko xingola beltza erabiltzeko deia ere luzatu da. 12.30ean, berriz, ‘Txoria txori’ abestia kantatzea eskatu du ekimenak, hildakoen omenez minutu bateko isilunea egin ondoren.

Hainbat eragilek bat egin dute deialdiarekin, tartean EHBildu, EH Bai eta Sortuk.  Azken honek adierazi duenez, “ez dugu euskal errepublika bat eraiki nahi bandera aldatzeko soilik. Eredu sozial eta ekonomiko justu bat eraikitzeko nahi dugu estatu propio bat, benetako demokrazia bat eraikitzeko, jendartearen esparru guztien despatriarkalizazioa burutu eta gizon eta emakumeen arteko berdintasun osoa lortzeko. Horregatik guztiagatik, Euskal Herria Batera ekimenak antolatutako Aberri Egun deialdiarekin bat egiten dugu.

Bukatzeko, Baterak dei bat luzatu die euskal herritarrei Aberri Egunari loturiko argazki bat atera eta lau haizetara zabaltzeko, beste hainbat lagun gonbidatuz eta elkarrekin sarea osatuz.