Bortziri, Malerreka
eta Baztango 7 herritarrek, igandera arteko baraualdia jarri dute martxan,
Patxi Ruizen egoera larria dela eta.
Baraualdiarekin batera, jarraian aipatzen den irakurketa bidali dute komunikabideetara:
"Patxi Ruiz preso
politikoak 11 egun daramatza gose eta egarri greban. Argi dago, egoera arras
larrian aurkitzen dela Iruñeko presoa. Azken hileetan, koronabirusa dela medio,
kalean eskubide murrizketa bortitza jasan badugu, eskubide murrizketa hau
aunitzez ere larriagoa izan da kartzeletan: Bisitarik gabe daude, ez dute
gaixotasun berri honetatik babesteko nahikoa neurririk, espetxe zaindariak,
presoekin kontaktuan daudenak, egunero sartu eta ateratzen dira, koronabirusa
beraiekin kartzeletan sartzeko arriskuarekin...
Hau guztia dela
eta, Murtzia II espetxean (bertan dago Patxi Ruiz) protesta egiten hasi ziren
patioan kontzentrazioak eginez, beraien eskubideak bermatu zitzaten
aldarrikatuz. Honen ondorioz, Patxi Ruizen aurka egin zuten espetxezainek zein
bertako zuzendaritzak, protesten bultzatzaile izatearen arrazoia emanez. Patxik
besoetan ebakidurak egin zituen egoera salatzeko, eta medikuak ez zion kasurik
ere egin. Guzti honen ondorioz, eta Patxik kartzelan pasa dituen urteetan jasan
dituen eraso guztien ondorioz, maiatzaren 11an gose eta egarri greba martxan
jartzea erabaki zuen.
Guk Patxiren
borrokarekin zein honek egiten dituen eskakizunekin bat egiten dugu.
Amnistiaren beharrezkotasuna ere mahai gaineratu nahi dugu. Gaur egungo
gizartean bizi ditugun zapalkuntza ezberdinen aurka borrokatzea zilegia da, eta
amnistiak, zapalkuntzarik gabeko gizarte horri egiten dio erreferentzia; honen
lorpena, beraz, zapalkuntza ororen aurkako borrokaren ondorioz etorriko da.
Arrazoi hauengatik,
Bortziri, Malerreka eta Baztango 7 herritarrek 72 orduko baraualdiari ekin
diogu, ortzegun eguerditik igande eguerdirarte, Elizondoko plazan dagoen
eraikinean itxialdi bat eginez. Ekimen honetara gehitu nahi duen orok ateak
irekiak ditu, eta baliteke hurrengo egunetan mobilizazioren bat egitea.