Garbiñe Elizegi: "Borrokatzeko moduak eta bideak berrasmatu behar ditugu"



Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?

Bizi dugun arazoaren erroa edo jatorria ez dago ez birusetan, ez saguzarretan. Birusak eta izurriteak bizitzaren parte izan dira, dira gaur egun eta etorkizunean ere izanen dira. Birusa agertu ondoren sortutako egoera, berriz, sistemak dituen gabezien ondorioa da. Berriz ere agerian gelditu da dugun sistema bizitzarekin bateraezina dela. Izurriteak aunitzetan natura eta gizakiaren intersekzioan gertatzen dira, azken honek bortizkeriaz eta lurraren gaineko jarrera menperatzaileaz jokatzen duelako. Natura etsaitzat duen eta bizitza ematen diona etengabe erasotzen duen animali bakarra gizakia da. Jarrera honen ondorio zuzena da gaur egun munduan bizi dugun egoera.

Gerran gaude?

Gerran gaude kapitalismo heteropatriarkalak gerra behar duelakoz bere burua elikatzeko. Baina izurriteak bezelaxe, ez dugu gerra hau denak modu berean bizi. Mundu mailan forma desberdinak hartzen dituen gerra da. Izaten ahal da gatazka armatu bortitza, emakumeen erahilketa eta bortxaketa sistematikoak, prekarietatea, frackinga, ... Sistemak bere burua ahul ikusten duen aldiro gerraren danborrak jotzen ditu. Gerra honen balizko etsaiaren izena desberdina bada ere (musulmanak, txinatarrak, feministak, komunistak, drogak, koronabirusa, ...),  helburua berdina da. Hau da, herritarrak aztoratu eta beldurtzea agenda neoliberala aitzinerat ateratzen den bitartean.

Zein eragin izaten ari da, pertsonalki?

Alde batetik, osasunez ongi nago eta nere hurbileko guztiak ere bai. Etxea, soldatapeko lana eta zaintza sare osasuntsua dut, beraz ez nago gaizki. Bertze aldetik, osasun langile eta militante bezala frustrazio eta haserre handiarekin bizi dut egoera. Saihesten ahal ziren sufrimendu eta heriotz gehiegi izan dira. Gertaera hauen aitzinean dagoen hipokresiak sortzen dituen emozioak kudeatzea zaila egiten ari zait. Ezintasun handia sortzen dit ustelkerian, bezerokerian eta paktu patriarkaletan sinesten duten agintarien erabakien menpe egoteak.

Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?

Ez. Pandemia honek sekulan baino nabarmenago utzi du ez gaudela denak egoera berdinean. Pandemiari aitzin egiteko inposatu zaizkigun neurriak ere egoera pribilegiatu batetan dauden hiritarrentzat pentsatuak daude. Ondorioetan ere ageriago geldituko dira gure arteko desberdinatasun horiek.

Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia dute. Zer adierazten du horrek?

Mugimendu feministak aspaldi egiten ari den irakurketa berresten du. Hau da, sistema hau emakumearen zapalkuntza eta esklabutzan oinarritzen dela, eta aldi berean zapalkuntza honek bertze zapalkuntzak sostengatzen dituela. Ekonomia erreala eta bizitza sostengatzen duena, lan feminizatuan oinarritzen da, patriarkatuak kontrakoa sinestarazi nahi digun arren. Beraz, sistema eraldatzeko burujabetza feminista ezinbertzekoa da.

Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?

Baztanen pandemiak utziko dituen ondorio guztiak ikusteko daude oraindik, baina orain arte gertatutakoarekin aurreikusten ahal dugu ez direla guti izanen. Baztan ez da salbuespena izanen. Zahar Etxean gertatzen ari dena adibide izugarria da. Jende aunitz lanik eta diru sarrerarik gabe gelditzen ari da eta turismoarekiko dugun dependentziak ere eragina sakona izanen du.

Baztanen nola egin aurre pandemiari?

Baztanen, toki guztietan bezala, antolatu eta borrokatu behar dugu egoera honi aitzin egiteko. Kaleak hartu behar ditugu eta aukera hau baliatu behar dugu sistema errotik aldatzeko. Elkartasun eta borrokarako sare egonkorrak sortu behar ditugu bizitza erdigunean izanen duen sistema eraikitzeko.

Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira. Interneten topatuko al dugu elkar?

Ez dut uste internetak elkar topatzeko balio duenik. Interneta borrokarako eta komunikatzeko tresna baliagarria izaten ahal bada ere, kontu handiarekin erabili beharrekoa dela uste dut. Ezin dugu atzendu sistemak bere intereserako sortutako tresna dela eta herritarrak kontrolpean mantentzeko arras eraginkorra. Hortaz, abantaila baino arrisku gehiago ikusten dizkiot eta kontu handiarekin erabili behar dugu. Honen inguruko hausnarketa sakon bat egiteko momentua ezin hobea dela uste dut.

Egoera honen aurrean, borroka da …

Aukera bakarra. Borroka bizitzaren parte da, bizirauteko borrokatu behar dugu. Honengatik, helburua bezain garrantzitsua da bidea. Borrokatzeko modu jasangarriak garatu behar ditugu, borroka gure bizitzan ahal den modu osasuntsuan egokitzeko. Herri mugimenduak ezin du sistemaren eskema berdinetan funtzionatu. Ezin dugu zapalkuntzarik gabeko sistema feminista lortu gure arteko harremanak jerarkiko eta patriarkalak diren bitartean. Borrokatzeko moduak eta bideak berrasmatu behar ditugu.

Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke. Zergatik?

Azkenengo galderaren erantzunaren harira Joxemi Zumalabe fundazioak argitaratutako Dabilen harriari goroldiorik ez. Militantziaz eta horizontaltasunaz hausnartzen gomendatuko nuke. Euskal Herrian herri mugimenduen inguruko hausnarketa eta borroka moldeen inguruan egindako lan interesgarria da, tokikoa eta garaikoa. Prozesuak emaitzetan eragina handia duenez, nahi duguna ez ezik, nola egingo dugun ere pentsatu behar dugu. Liburu honek bide horretan argibide garrantzitsuak ematen dituela uste dut.