(H)ilbeltza beka Koldo Bigurirentzat



Koldo Bigurik irabazi dau (H)ilbeltza bekea - bizkaie.biz

(H)ilbeltza bekaren xedea euskarazko nobela beltza sustatzea da, eta, horretarako, txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. Aurten itzulpen lana egiteko beka egokitu da.

Baztanek aspalditik du euskal nobela beltzarekin lotura. Izan ere, Jose Antoni Loidiren Hamabost egun Urgainen eta Mariano Izetaren Dirua galgarri izan ziren lehendabiziko euskal nobela beltzak.

Euskal Nobela Beltzaren astearen harira sortu zen beka. Beraz, esan dezakegu Baztan euskarazko nobela beltzaren erreferentziazko eskualdea dela.

Lehenbiziko edizioa sormen beka izan zen, Miel A. Elustondok irabazi zuen eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019ko hasieran. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska nobela euskaratu eta urte hasieran aurkeztu du Josu Barambonesek. Iaz Miren Gorrotxategik irabazi zuen sormen beka, eta urte bukaerarako bukatuko du eleberria. Dena onbidean, Koldo Bigurik egindako itzulpena 2022ko ilbeltzean aurkeztuko da.

Bekaren antolatzaileak: Baztango Udala, (H)ilbeltza elkartea eta Txalaparta argitaletxea dira eta aurtengora aurkeztutako egitasmo kopurua 10 laginetakoa izan da.  Epaimahaia: Joseba Otondo, Baztango alkatea; Josu Barambones, (H)ilbeltza elkarteko ordezkaria; eta Garazi Arrula Ruiz, Txalaparta argitaletxeko ordezkariak osatu dute. Eta lagin irabazlea Koldo Biguri Otxoa de Eriberen itzulpena izan da.

Epaimahaikideek azpimarratutakoa: Itzultzaileak jatorrizko obraren letrari eta estiloari tentuz eta zentzuz jarraitu die euskaraz baliokide bat sortzeko garaian. Ahalegin horretan bereziki nabarmentzekoa da elkarrizketen bizitasuna, italierazko obran erabiltzen den lagunarteko erregistroa imitatu nahian. Ildo horretan, itzultzaileak egin hautaketa lexikoa lagungarri gertatzen da. Orobat, joskeraren errazari esker, testuak ederki korritzen du, eta irakurleek eroso irakurriko dute.

Saria: Lagin irabazleari 3.000€ emango zaizkio orain eta beste 3.000€ lana akitzerakoan. Argitalpena: 2021eko abenduan argitaratuko du lana Txalaparta argitaletxeak.

Irabazleari buruz: Filologia ikasi zuen Koldo Bigurik (Gasteiz, 1962), eta, gaur egun, irakaslea, euskaltzain urgazlea eta itzultzailea eta interpretea da. Senez aldizkariko zuzendari izan zen 1994-1999 bitartean, eta EIZIEko lehendakari 2000-2002 urteetan.

1992an hasi zen literatura itzultzen, gehienbat literatura italiarra. 2000 urtean, Napoliko Unibertsitatean egin zuen lan, euskal morfologiako irakasle gisa. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle da Gasteizko Letren Fakultatean.

Halaber, euskal itzultzaile aitzindarien memoria historikoaren berreskuratze lanetan ibili da, Lurdes Auzmendirekin batera, EIZIEk argitaratzen duen “Itzulpen Antologia” bilduman.