Nola heldu gara hona?
Saguzarrek dute errua?
Ez zait errua hitza gustatzen, baina erantzule edo arduradun hitza
erabilita ere ez dut uste saguzarren kontu hori hain erranguratsua denik. Nik
nahiago ditut irakurketa zabalagoak. Tximeleta efektuaren kontzeptua
baliogarria egiten zait gertatzen den hau ulertzeko. Honek dionaren arabera
tximeleta baten hegalen mugimenduak munduaren bertze muturrean tsunami bat
eragin dezake, baina horretarako inguruan eta eguraldian baldintza konkretu
batzuk eman behar dira. Pandemia honen kasuan saguzarren kontu hori
tximeletaren hegalen mugimendua litzateke, baina tartean bizi dugun sistemak
jartzen dituen baldintzak ez balira egongo ez ginateke gauden tokira
ailegatuko. Baldintza horiek bioaniztasunaren suntsiketa, pertsonen eta
materialen joan-etorriak distantzia luze eta denbora laburrean egiteko daukagun
ohitura, edo mailakatze soziala lirateke.
Gerran gaude?
Ez, benetan gerra bizi dutenenganako errespetuagatik bada ere, ez. Hala ere
egia da gerrak maila desberdinean ematen direla eta jendarte mota honen sorrera
belizista kontutan hartuta gerra konstante batean bizi garela ere erran nezake.
Zein eragin izaten ari
da, pertsonalki?
Nik oso egoera pribilegiatuan bizi dut itxialdi hau. Badut soldata bat,
etxe bat terraza eta balkoiarekin, txakurraren konpainia eta paseoak, etxean
egiteko afizio eskuragarriak eta nire etxeko wifiak gertu sentitzea ahalbidetzen
dizkidan lagun onak. Egia erran ongi etorri zaidan geldialdia dela sentitzen
dut.
Pandemia honek denoi berdin
eragiten digu?
Ez. Gaitza berari begiratuz gero, karrikan bizi den herritarrak,
inmunodepresoreak hartzen dituen lagunak edo 85 urteko nire barrideak nik baino
aukera gehiago dauzka bizitza galtzeko. Gaitzak ekarritako itxialdi egoerari
begiratuz gero, lana galdu duen tabernariak, lana topatu ezinean dabilen
paperik gabeko migranteak edo ogibidea arriskuan daukan autonomoak zailtasun
ekonomiko larriak biziko ditu nik ez bezala. Beraz, argi dago pandemiak ez
gaituela berdin eragiten.
Jardun esentzialek,
gehienek, emakume aurpegia dute. Zer adierazten du horrek?
Bizitza sostengatzen duten jarduerak sistemaren erdigunera ekarri behar
ditugula. Ekonomia feministara bidea egiteko garaia badela eta lanean hasi
behar garela hurbiletik hasita.
Baztanen zer egoera uzten
ari da pandemia?
Hainbat eta aski larriak, dagoeneko bertzeen elkarrizketetan irakurri ahal
izan ditugunak. Beraz ez errepikatzearren Elizondoko karriketan barrena
bizileku berrien bila abiatu zen piruaren egoera ekarriko dut. Azken urteetan
Baztan errekako Elizondoko ibilguan ugaritu diren piruak eroso daude gizakion
presentzia murriztuarekin.
Baztanen nola egin
aurre pandemiari?
Elkar zaintzea ezinbertzekoa da. Sareak sortu behar ditugu, barridearen
egoeraz kezkatu eta ahal dugun neurrian lagundu. Sortuk abiatu du ekimen bat
pandemiak utziko dituen egoera larriak talde desberdinen artean aztertu eta
aurre egiteko. Horrelako iniziatibak oso gustuko ditut.
Gizarte hiperkonektatu
baten aztarnak ugaritu dira. Interneten topatuko al dugu elkar?
Interneten ere elkar topatuko dugu, zergatik ez. Baina ez dezagun azala
ahantzi, mamia goxoagoa egiten baitu.
Egoera honen aurrean,
borroka da …
Moldez aldatu beharrekoa, akaso hitza ere aldatzea ez legoke gaizki. Jendartearen
eraldaketa ez dadila izan termino belizista baten ondorio.
Liburu baten irakurketa
gomendatuko al zeniguke. Zergatik?
Bai. Ipuin bildumatxo bat: Txakur Gorriak sormen taldearen Errealitateak
liburua. Irudimena sustatzen duela iruditzen zaidalako.