Aroztegiako azken
berria da Garbiñe Elizegi Narbarte eta Joseba Otondo Bikondoa lehengo eta
oraingo alkateen kontra Palacio de Aroztegia enpresak prebarikazioagatik paratutako
salaketak bertan behera utzi ditu epaileak, auzia artxibatuz.
Baztango EHBilduk
oharra plazaratu du auziaren inguruan irakurketa eginez. Jarraian aipatzen dugu
irakurketa:
Bereziki salagarria
da Palacio de Aroztegia enpresak proiektuaren kontra agertu diren herritar eta
hautetsien aurka abiatu duen eraso judiziala. Denbora tarte laburrean
hainbertze herritar eta hautetsik enpresaren salaketa desberdinak jaso
zituzten. Enpresaren helburua garbia izan da: proiektuaren aldeko argumenturik gabe
eta Baztango herritarren aitzinean eztabaida demokratikoa galdurik,
proiektuaren kontrako ahotsak isildu nahi izan ditu. Baina ezin izan dute eta
ezinen dute.
Proiektu hau
hasieratik zerbait izan bada, antidemokratikoa izan da. Baztandarrei eta lekaroztarrei
erabakitzeko aukerarik eman gabe egin nahi izan dute. Baztango erakundeen
gainetik pasatu dira, udalaren eta Batzar Nagusiaren ahalmenen gainetik, Udalez Gaindikoa den Plan Sektorial gisa
tramitatuz proiektua. Hautetsien kontra egin dute, eta herritarren kontra ere
bai aurkako ahotsak isilarazteko.
Bidean,
herri-lurrak bereganatu dituzte eta partikularren nekazaritzako lur on eta
emankorrak ere bai. Nagusikeriaz eta harrokeriaz ibili dira, zertarako eta
pelotazo urbanistikoa egiteko.
Berriz ere oroitzea
beharrezkoa da. Aroztegiakoa pelotazo urbanistikoa da. 40 hektarea lur ez
urbanizagarri eskuratu eta horiek denak birkalifikatu eraiki ahal izateko.
Lekaroz ondoan 700 pertsonako bertze herria, Baztango hamaseigarren herria.
Jauntxo batzuk hala nahi izan dutelako, herritarren erranaren gainetik.
Lekarozen eta
Baztanen egin diren herri galdeketetan herritarrak proiektuaren kontra agertu
dira. Baina herritarren errana errespetatu beharrean gogor jo dute, ausarki
duten dirua baliatuz hainbertze jende auzitegietarat eramateko. Beraiek
ohituratuak dauden sosketetarako deus ez dena, baina herritar arruntendako kostu
ekonomiko handia duena.
Bertzalde, hainbat
auzitan proiektu honek araudia betetzen ez duela ikusi bada ere, enpresak
proiektuarekin aitzinat egiteko helburuarekin segitzen duela ohartarazi
beharrean gaude. Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindikoa den Plan Sektoriala
onartu zuen. Ondotik birzatiketa plana etorri zen eta segidan urbanizazio
proiektua. Urbanizazio lanen adjudikazioa baliogatu du kontratu publikoen
epaimahiak, eta hotelaren proiektuaren kontra Principe de Vianak txostena egina
du, lanen lizentzia baliogabetu duena. Hala ere, aitzinat segitu nahi dute.
Haatik, oraingo
osasun eta ekonomia krisian denen errana da eredu sozial eta ekonomikoz aldatu
beharra dagoela. Pelotazoan, nekazaritzako lur onen suntsiketan, ondarearen
xehakuntzan eta lurraldearen desegituraketan oinarritzen den eredu ekonomiko
horrekin krisitik krisira gabiltza. Bada ordua jendeen beharren araberako
ekonomia antolatzeko. Bada ordua landa eremuak biziarazteko. Jendeen beharren
araberako etxebizitzak, elikagai osasuntsuak eta nekazaritza herrikoia, energia
berriztagarriak eta tokiko merkataritza eta zerbitzuak. Jende guztien zaintza,
ingurunea errespetatuko duen landa turismoa, gremioak, jendeen beharrekin
loturiko produkzio eta zerbitzuak, hondakinen kudeaketa, zerbitzu publikoa
indartsuak … Hori da bidea, eta ez
Aroztegiako pelotazoa.
Hogei urte inguru
joan dira afera honetan. Herritarrei ez etsitzeko erran nahi diegu. Denen
artean landa eremuak biziaraziko ditugu eta horretarako lehen lana Aroztegia
geldiaraztea da. Horretan segituko dugu. Epaiketa eta salaketen gainetik”.